SD Amorebieta

Urdinek garaipen izugarria lortu dute Los Pajaritosen Club Deportivo Numanciaren aurka, ligako bigarren itzulia hasteko. Gureak 0-3 iritsi dira atsedenaldira Bujan, Juan Rodriguez eta Jauregiren golei esker, baina azken unera arte sufritu behar izan dute. Bi erdiko atzelariak, Xiker eta Juan Rodriguez, kaleratutak izan dira eta gureek bi jokalari gutxiagorekin bukatu dute partida. Etxekoek 85.ean eta 91.ean sartu dituzte golak eta amaierara arte bultzatu dute, baina Haritz Mujikaren mutilek eutsi egin dute tentsio handiko norgehiagoka irabazteko.

Termometroak 0 gradu markatzen zituen arren, urdinak izugarri entxufatuta sartu dira neurketara. Lehenengo abisu serioa Jauregik eman du area ertzetik egindako jaurtiketa baten bidez. Lehen ordu laurdena gaindituta, Magunagoitiak geldiketa bikaina egin behar izan du Carrilloren gola saihesteko. Jarraian, 0-1ekoa iritsi da. Bujanek sartu Cantonen pase oso on bat aprobetxatuz. Segituan beste bi lortu dituzte. Hiru gol zazpi minututan. Bigarrena Juan Rodriguezek egin du, Siboren eta Bujanen abaguneen ostean area barruan sortutako zalaparta aprobetxatuz. Hirugarrena Jauregik sartu du, Cantonen dejada on baten ondoren. Txapelketako hamargarrena Muxikako aurrelariarentzat. Hortik atsedenaldira, Haritz Mujikaren mutilek kontrolpean izan dute lehia eta bi areatan albisteak urriak izan dira aldageletara joan arte.

Bigarren zatia ez da ondo hasi zornotzarren interesetarako. Izan ere, Xikerrek falta bat egin du zelai erdian eta txartel gorria ikusi du. Hala ere, oso sendo jarraitu dute gureek azken txanpara arte. Azkenean partida erotu egin da. Gola sartzear izan da Ewan 77.ean, baina Ayesarekin topo egin du. Minutu bat geroago Magunagoitia izan da etxekoen gola eragotzi duena geldiketa bikoitz batekin. Jokaldiak bizirik jarraitu du eta baloia atean sartu da, baina jokoz kanpo zegoen aurrelaria. 1-3koa 85. minutuan heldu da, Ruben Mesak gol ederra sartu duenean. 87.ean beste geldiketa itzela burutu du Magunagoitiak. Juan Rodriguezek bigarren txartel horia jaso du 89an. Zazpi minutuko luzpaena bi jokalari gutxiagorekin. 91.ean Mahicasek 2-3koa sinatu du. Luzapenean sufritzea tokatu da, baina urdinek izugarrizko esfortzuarekin eutsi diote meritu handiko garaipenari.

CD NUMANCIA: Ayesa, San Emeterio, Simic (78’ Valín), Gorka Pérez, Dani Sánchez (57’ Jaume Pol), Cotán, Toni Arranz (65’ Mahicas), Zarzana (78’ Mario Barco), Carrillo, Mancebo (57’ Bonaldo) eta Rubén Mesa.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Xiker, Juan Rodríguez, Toni Herrero, Sibo, Yriarte, Cantón (56’ Albisua), Buján (81’ Julen Jon), Rayco (81’ Dorrio) eta Jauregi (56’ Ewan). 

Golak: 0-1: Min. 18; Buján. 0-2: Min. 22; Juan Rodríguez. 0-3: Min. 25; Jauregi. 1-3: Min. 85; Rubén Mesa. 2-3: Min. 91; Mahicas.

Epailea: Fernández Buergo. Txartel gorriak atera dizkie SDAko Xiker (50′) Juan Rodríguez (89′) eta aulkian zegoen Etxeita (92′) jokalariei)¡. Eta horiak etxeko Toni Arranz eta Carrillori; eta Rayco, Pradera eta Magunagoitia bisitariei.

Compártelo