CD Lugo 1-1 SD Amorebieta: Amorek ez du inoiz amore ematen
Urdinek inoz ez dutela amore ematen erakutsi dute Club Deportivo Lugori egindako bisitan, Anxo Carron euripean lehiatutako SmartBank Ligako 27. jardunaldiko norgehiagokan. Iñigo Vélez de Mendizabalen mutilak eroso sentitu dira ia lehen zati osoan, etxekoek 1-0ekoa lortu dutera arte atsedenaldirako gutxi falta zenean korner bat aprobetxatuz. Bigarrenean, zornotzarrek ez dituzte inoiz besoak jaitsi eta azkeneraino jarraitu dute estutzen. Merezitako saria luzapenean lortu dute, Javi Rosek 1-1ekoa sartu duenean.
Zornotzarrak ondo atera dira partidara eta aurkariaren area artzean jokatu dute lehenengo minutuetan. Sendo eta serioak, baloi bat baino gehiago lapurtu dute Lugoren zelaian, atzelariak gogor lan egitera behartuz. Neurketako lehen aukera aipagarria gurea izan da 14. minutuan, Guruzetaren burukada Larraren erdiraketa baten ostean zutoinetik gertu kanpora atera denean. Oso gutxigatik ere ez du atea aurkitu titular bezala lehen partida jokatu duen Andoni Lopezek areatik kanpo egindako jaurtiketa bortitzak 25. minutuan. Talde galiziarraren abisuak geldikako jokaldietan soilik heltzen ziren. Eta horietako batean, korner bat baliatuz, markagailua irekitzea lortu dute atsedenaldia baino lehen, Pitak buruz sartutako golarekin.
Aldagelatik igaro ondoren, urdinak, gaur berdez jantzita, emaitzari buelta emateko prest itzuli dira. Guruzetak atezaina lan egitera behartu du 49an eta Iker Bilbaok eta Olatxeak area ertzetik probatu du 51 eta 53. minutuetan. Gureek hainbat korner kateatu dituzte ere eta berdinketa ez da gutxigatik iritsi. 65ean, Álvaro Peñaren beste erremate batek ez du atea aurkitu. Galiziako taldeak kontraerasoak egiteko espazioak aprobetxatzen zituen. Eraso azkar horietako batean, Santamariak eskularruak sartu ditu Cuellarren zartakoa gelditzeko. Zornotzarrek berdinketa bilatzen jarraitu dute, amore eman barik. Lortzeko zorian egon da Óscar Gil luzapenean, bere burukada zutoinaren gainetik atera denean. Saria azken unean lortu dute, Javi Rosek Etxabururen pasea jaso eta jaurtiketa zehatz batekin behin betiko 1-1eko sartu duenean.
LUGO: Óscar, Campadabal (92’ Seoane), Alende, Ros, Canella, Pita (76’ Alberto), Juanpe (62’ Clavería), Señé, Cuéllar, Chris Ramos eta Barreiro (62’ Carrillo).
AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Óscar Gil, Nolaskoain, Luengo, Andoni López, Iker Bilbao (87’ Etxaburu), Olaetxea (62’ Javi Ros), Álvaro Peña, Guruzeta eta Obi (62’ Moreno).
Golak: 1-0: Min. 39; Pita. 1-1: Min. 90+; Javi Ros.
Epailea: Luis Mario Milla Alvéndiz (Andaluzia). Txartel horiak atera dizkie Señé, Chris Ramos, Óscar eta Alende jokalariei Lugoren aldetik; eta SDA-ko Nolaskoain, Óscar Gil eta Luengori.