SD Amorebieta

Duela bi aste Union Deportiva Logroñeseri egindako bisitan bezala, urdinei garaipenak ihes egin die hatz-mamiekin laztantzen zutenean. Oraingoan Club Deportivo Eldenseren zelaian izan da, liderra Castellonekin batera 16. jardunaldi honen hasieran. Rayco Rodriguezen gol batek aurretik jarri ditu gure jokalariak bigarren zatiaren erdialdean, baina Alacanteko taldeak, oraindik bere zelaian galdu ez duenak, berdindu egin du 89. minutuan SDAn iragana duen Mario Soberonen bitartez. Hala ere, meritu handiko berdinketa lortu dute Haritz Mujikaren mutilek eta zazpi partida jarraian pilatu dituzte porrotik jaso gabe. 

Etxekoek abisu serioa bututu dute hasi bezain laster, baina Magunagoitiak ederto gelditu du Juantoren jaurtiketa. Gureek langatik gora joan den Cantonen tiro batekin erantzun dute. Norgehiagoka laster sartu da berdintasun fase batean, dominatzaile argirik eta abagune nabarmenik gabe. Bi taldeen saiakerek defentsen lan onarekin topo egiten zuten behin eta berriro. Atsedenaldira iritsi baina lehen, zornotzarrek jokaldi polita egin dute aurkariaren arearen inguruan, baina ez dute saririk lortu, Vallejo atezaina azkar atera baita Raycoren jaurtiketa ekiditzeko Praderaren pasearen ostean. Gauzak horrela, futbolariak hasierako markagailuarekin joan dira aldageletara. 

Bigarren zatiko lehen aukera urdinek sinatu dute Dorrioren bitartez. Atsedenaldian Bujanen ordez sartu den jokalariaren zartakoak atezainaren geldiketa onarekin egin du topo 52. minutuan.  Zornotzarren bigarren zatiaren hasiera bikainak saria izan du lehen ordua gaindituta. Jauregik, berdegunera sartu eta berehala, zutoinera bidali du baloia, baina hor agertu da Rayco aldaratzea ehizatu eta asteko bigarren gola sartzeko, asteazkenean Calahorraren aurka lortutakoaren ondoren.

Hortik aurrera, Eldense, bere zelaian partidarik galdu ez duen taldea, berdinketaren bila joan da. Hala ere, urdinak oso sendo egon dira defentsako lanetan eta ez dute aukerarik eman minutu askotan. 89.ean ur hotzeko pitxerra iritsi den arte. Area barruan zalaparta sortu da eta Magunagoitak geldiketa bikaina egin behar izan du, baina jokaldiak bizirik jarraitu du eta Soberonek, aurrelari urdin ohiak, behin betiko 1-1ekoa ezarri du.

CD ELDENSE: Vallejo, Toni Abad, Álex Martínez, Pardo (76’ Pedro Capó), Montes (71’ Fran Carnicer), Ortuño, Carlos Hernández, Diego González, Correia (58’ Clemente), Juanto (71’ Manu Nieto) eta Cristian López (58’ Soberón). 

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Murua, Etxeita (73’ Juan Rodríguez), Toni Herrero, Yriarte, Sibo (83’ Albisua), Buján (46’ Dorrio), Cantón (61’ Iturraspe), Rayco eta Pradera (61’ Jauregi).

Golak: 0-1: Min. 64; Rayco. 1-1: Min. 89; Soberón.

Epailea: José Antonio Sánchez Villalobos. Eldenseko entrenatzailea, Fer Estévez, kaleratu du 70. minutuan. Txartel horiak atera dizkie Eldenseko Carlos Hernández jokalariari eta SDAko Sibo, Yriarte, Albisua eta Toni Herrerori. 

Partekatu