SD Amorebieta

Urdinek bosgarren garaipena jarraian lortu dute Club Deportivo Calahorraren zelaian, non 250 zale zornotzar ingururen babesa izan dute. Haritz Mujikaren mutilek hasieratik bilatu dute gola eta saria 84. minutuan iritsi da, Praderak buruz gola sartu duenean Toni Herreroren erdiraketa bikain baten ostean. 3 puntu hauekin, gureek jardunaldia lider gisa bukatuko dute.

Neurketa berdinduta hasi da, baina lehen ordu laurdena gaindituta urdinak arriskua sortzen hasi dira. Lehenengo abisua Jauregiren burukada bat izan da, langa gainetik joan dena. Gola sartzeko zorian egon da Sibo beste bi abagunetan. Lehenengoan gutxi falta izan zaio errematea konektatzeko. Jarraian, korner batean, bere burukadak Limones hegan egitera behartu du 1-0ekoa saihesteko. Etxeko atezainak ere ondo erabili behar izan du bere oina pozoia zeraman Toni Herreroren jaurtiketa bat desbideratzeko. Jauregi berriro saiatu da Raycoren pase bikain baten ostean, baina bere jaurtiketa sarearen albora joan da. Lehen zatia amaitu baino lehen, gureek albiste txar bat izan dute lesio moduan. Yriartek bere lekua utzi behar izan dio Praderari 38. minutuan. Urdinek estutzen jarraitu dute. Rayco markagailua inauguratzen saiatu da area ertzetik egindako bolea bategin, baina norgehiagoka 0-0ekoarekin joan da atsedenaldira.

 

Aldagelatik bueltan, gureek beste aukera on bat izan dute. Praderaren burukadak ez du aterik aurkitu oso gutxigatik. Calahorrak ere abisu batzuk eman ditu, Saenzen misil bat, esaterako. Magunagoitiak erantzun ona eman dio. Zornotzarrek golaren bila jarraitu dute. Errioxarrak ere gora joaten ziren. Baina gureek ez dute amore eman. Borrokan jarraitu dute eta geldikako jokaldi batean saria aurkitu dute. Toni Herrerok baloi ezin hobea jarri du area barruan eta hor agertu da Pradera baloia sarera bidaltzeko buruz eta Calahorrara joandako zale urdinei izugarrizko poza emateko.

CD CALAHORRA: Limones, Vidorreta, Baselga, Ibarrondo, Pablo Saenz (74’ Arias), Rojas, Santana, Kortazar, Zubiri, Pascual (58’ Calvillo) eta Sergio Gil.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Etxeita, Toni Herrero, Yriarte (38’ Pradera), Sibo, Edwards (81’ Albisua), Dorrio (63’ Buján), Rayco (81’ Ewan) eta Jauregi (63’ Julen Jon).

Gola: 0-1: Min. 84; Pradera.

Epailea: David López. Txartel horiak atera dizkie Calahorrako Sergio Gil; eta SDAko Mier jokalariei.

Compártelo