Logotipo centenario SD Amorebieta

Urdinak puntuatzeko, eta irabazteko, gertu egon dira CD Basconiari egindako bisitan, ziurrenik multzoan sasoi hobean dagoen taldea, azken asteetan sailkapenaren goiko partean dauden Real Union, Utebo, Tudelano edo Sestao River bezalako taldeen aurka lortutako garaipenek erakusten duten bezala. Hala ere, zornotzarrak, Arratibelen bitartez aurreratu direnak, esku-hutsik bueltatu dira polemika izan duen amaiera krudel batean. Izan ere, 2-1ekoa gureak jokoz kanpo erreklamatzen ari ziren jokaldi batean eragindako penalti baten ondoren iritsi da. Zangok jaurtiketa gelditu ondoren, aldaratzean heldu da gola. Egilea area barruan sartu da denbora baino lehen, baina epaileek ez dute ikusi.

Lehen zatia berdinduta joan da, txandakako nagusitasunarekin eta abagune gutxirekin. SDAren aldetik, argiena Intxaustik izan du ordu laurdenean, baina bere jaurtiketa atzelari batek atera du, ia atepean. Etxeko taldean, Conde izan da gertuen egon dena ordu erdira iritsi baino lehen. Area ertzetik jaurtiketa on bat egin du eta Altamirak geldiketa ikusgarri batekin erantzun du. Gauzak horrela, partida hasierako emaitzarekin heldu da atsedenaldira.

Aldageletatik igaro ostean, Basconiak aukera ona izan du 48. minutuan, baina Conderen errematea kanpora joan da. 0-1ekoa 57.ean iritsi da estrategia ekintza bat aprobetxatuz. Fausto Tienzaren erdiraketa Arratibelek gogor errematatu du buruz urdinei abantaila emanez. Lau minutu geroago bat gutxiagorekin geratu da Basconia, Zarandonak bigarren txartel horia ikusi baitu. Hala ere, etxekoek berriro berdindu dute markagailua 68. minutuan, zelaian minutu bat baino gutxiago zeraman Urzaizen bitartez.

Azken txanpan, ez bata ez bestea puntuarekin konformatzen ez zela zirudien. Urdinak aurkariaren arean zehar zebiltzan eta Athleticen bigarren filialak jokalariak uzten zituen goian trantsizio azkarrekin mehatxatzeko. Horrela, 88.ean 1-2koa iristear egon da, baina Ituarteren zartakoak zutoinaren kontra jo du. Jarraian, Basconiak kontraeraso bortitz bat sortu du, non gureek jokoz kanpoko eskatu dute, baina epaileek ez dute adierazi. Altamirak gola eragotzi du hasiera batean geldiketa on batekin, baina jokaldiak bizirik jarraitu du eta penaltia eta SDAko atezainaren kanporatzea adierazi dira. Zulaikari aldaketa bat geratzen zitzaion oraindik eta Zango sartu da atepean jartzeko. Atezainak gelditu egin du Goñik jaurtitako penaltia, baina aldaratzea Fernandezek harrapatu du eta 2-1ekoa sartu du. Gol hori ez zen markagailura igo behar, egilea area barruan baitzegoen bere taldekideak 11 metroetatik jaurtiketa egin aurretik.

CD BASCONIA: Simón, Osipov, Ellakuria (67′ Urzaiz), Peciña (87′ Goñi), Conde (81′ Fernández), Lekuna (87′ Carril), Belategi, Sola, Pérez, Zarandona eta Albóniga. 

SD AMOREBIETA: Altamira, Intxausti (76′ Ceballos), Odei, Arratibel, Elías (90′ Zango), Ituarte, Fausto Tienza, Hodei Rodríguez (70′ Reka) Zorrilla (76′ Arzalluz) eta Etxaniz (70′ Torrico).

Golak: 0-1: Min. 57; Arratibel. 1-1: Min. 68, Urzaiz. 2-1: Min. 91: Fernández 

Epailea: Álex Rivas. Basconiako Zarandona kaleratu du 61an bi txartel horirekin y eta 89an Altamirari txartel gorria atera dio. Txartel horiak: Ellakuria; Ituarte, Intxausti eta Castañeda.

Compártelo