Berdinketa aukera ugariko partidan
Urdinek puntu berri bat lortu dute gaur arratsaldean sailkapenean bigarren postuan dagoen Eibar B taldearen aurka jokatutako partidan. Gureak hobeak izan dira lehen zatian eta atsedenaldira abantailarekin joan dira Guillermok sartutako golari esker. Hala ere, bisitariek bigarrenean berdindu dute penalti eztabaidagarri bat aprobetxatuz.
Lehen abisua bisitariek eman dute, kanpora joan den Lumbrerasen jaurtiketa batekin. Hala ere, urdinak nagusituz joan dira eta 1-0ekoa 18. minutuan iritsi da. Muguruzak erdiraketa bikaina egin du eskuinetik eta Guillermok erremate ikusgarri batekin baloia sare barrura bidali du. Denak ez dira albiste onak izan aurrelariarentzat, lehen ordu erdia bete aurretik ordezkatu behar izan baitute arazo fisiokoengatik, bere lekua Etxanizi utzita. Gureek berdegunean agintzen jarraitu dute, aurkariaren arean zehar jokatuz bigarrenaren bila. Hala ere, ez dira azken metroetan asmatzeko gai izan eta lehia 1-0ekoarekin heldu da atsedenaldira.
Eibar B berdintzeko zorian egon da bigarren zatia hasi eta berehala. Murgoitiok saihestu du geldialdi itzel batekin. Orain bisitariek zeramaten pisua, urdinek Kopako partidan egindako esfortzua nabaritu dute eta defentsan lan egin behar izan dute. Hala ere, 2-0ekoa oso gertu egon da 61ean. Izan ere, Etxanitzek, erremate oso behartu batekin, baloia egurrera bidali du. Armaginek erantzuna eman diote 67.ean eta Murgoitiok esku ikusgarria sartu du berriro 1-0ekoari eusteko. 90. minututik ordu laurdenera, epaileak Eibar Bren aldeko penalti eztabaidagarria adierazi du eta Zubiriak ez du barkatu 11 metroetatik.
Azken txanpan, bi taldeek golaren bila jarraitu dute, baina abagune argienek egurrean jo dute. 82.ean 2-1ekoa egiteko zorian izan dira urdinak. Muguruzaren falta jaurtiketa zutoinera joan da. Hurrengo jokaldian, Mario Fuenteren burukadak langaren kontra jo du. Horrela, partidua puntu banaketarekin amaitu da.
SD AMOREBIETA: Murgoitio, Diaz de Alda, Entrecanales (46’ Intxausti), Presa, Hernaiz, Eder, Agirre (88’ Ajuriagoikoa), Muguruza (88’ Unax Benito), Josep Díaz (74’ Reka), Larralde eta Guillermo (28’ Etxaniz).
SD EIBAR B: Bermejo, Llorenç, Korta, Galder, Lumbreras (89’ Rastri), Óscar (70’ Santolaya), Zubiria, Sotelo (70’ Mario Fuente), Gromaz, Otadui (89’ Bernal) eta Gutiérrez (46’ Ortuzar).
Golak: 1-0: Min. 18, Guillermo. 1-1: Min. 75, Zubiria penaltiz.
Epailea: Sergio Álvarez. Txartel gorria atera dio Eibar B-ko Korta jokalariari 86an. Txartel horiak: Entrecanales, Presa, Hernaiz eta Muguruza; eta Galder, Llorenç eta Sotelo.