SD Amorebieta

Sociedad Deportiva Amorebietako bazkide bakoitzak bi gonbidapen izango ditu eskuragarri larunbateko SD Huescaren aurkako partidarako, Lezaman jokatuko dena 14:00etan. Horrela, bazkide ez diren beste bi pertsona gonbidatu ahal izango ditu SmartBank Ligako 40. jardunaldiko neurketa hau ikusteko.

Horretarako, gonbidapenak jaso beharko dituzte klubaren denda ofizialean gaurtik ostiralera arte edo Lezamako leihatiletan larunbatean, norgehiagoka hasi baino ordu eta erdi lehenagotik. Gogoratu dendaren ordutegia astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara dela.

Gainera, sarrerak salgai egongo dira 10 euroko prezioarekin. Lezamako leihatiletan bakarrik erosi ahal izango dira partidaren egunean 12:30etik aurrera.

Beste alde batetik, klubak doako autobusak jarriko ditu berriro bere zaleak larunbat honetan Lezamara joan daitezen. Autobusak 13:00etan irtengo dira anbulatorioaren ondoko geltokitik, hau da, norgehiagoka hasi baino ordubete lehenago. Autobusera sartu ahal izateko, tiketa aldez aurretik jaso beharko da. Interesa dutenek ostiralera arte izango dute aukera. Txartel horiek SDAren denda ofizialean, Autocares Olearen bulegoan eta Xiberu tabernan egongo dira eskuragarri.

Partekatu