Atlético Saguntino 1-0 SD Amorebieta: Luzapenean kanporatuak
Urdinek agur esan diote Kopari modu krudelean. Izan ere, zornotzarrek Nou Camp de Morvedren galdu egin dute Atletico Saguntinoren aurka luzapenaren bigarren zatian penaltiz jasotako gol batengatik.
Valentziako taldea hobeto atera da, euren belar artifizialeko zelaira ohituago dagoela erakusten. Etxekoek hainbat aukera sortu dituzte hasieran. Argiena Ndiayeren jaurtiketa bat izan da, zornotzaren arean errebote batzuk jaso ondoren, baina kanpora joan da. Baloia Marinotik gertu bizi izan da lehen ordu erdian. Dena den, gure atezainak arazo gehiegirik gabe harrapatu ditu Cesar Diazen eta Ndiayeren saiakerak. Altuera handiko jokalariak dituen Atletico Saguntinok dozena erdi bat geldikako jokaldi sortu ditu, baina ez ditu aprobetxatu lehen zatian zehar gure taldeak defentsan egindako lan onari esker. Hala ere, erasoan ez da hain fin ibili talde zornotzarra.
Aldagelatik igarotzeak on egin dio Amorebietari. Hobeta itzuli da berdegunera. Gureek aurkaria giltzapetu dute bigarren zatiko lehen minutuetan, non Praderaren eta Albisuaren saiakerak kanpora joan dira. Norgehiagoka parekatu egin da eta minutuek aurrera egin dute aukera aipagarririk gabe. Urdinek arazo bat izan dute amaieratik ordu laurdenera. Izan ere, Marinok giharretako arazo bat izan du eta Jonmiri lekua utzi behar izan dio atean. Sartu bezain laster, atezain zornotzarrak lan egin behar izan du Cesar Diazek urrutitik egindako jaurtiketa gelditzeko. Gauzak horrela, partida luzapenera joan da.
Gureak nagusi izan dira luzapenean eta 102.ean gola sartzeko zorian egon dira, Izetak area barruan harrapatu duen Jauregiren dejada baten ostean, baina jaurtiketa gurutzatuegia atera zaio. Kanporaketako gol bakarra modu krudelean iritsi da. Falta jaurtiketa batek hesian zegoen Izetaren eskua jo du, eta epaileak penaltia adierazi eta bigarren txartel horia erakutsi dio. Acevedok ez du huts egin 11 metroetatik. Gureek azken unera arte borrokatu dute berdinketa lortzeko, baina ez da posible izan. Ligan jarri beharko da arreta.
ATLÉTICO SAGUNTINO: Marcos, Héctor Rodas, Torrent, Enrique, Sana Ndiaye, César Díaz (89’ Gonzalo), Jorge Domingo (65’ Camacho; 118’ Escudero), Leo Ramírez (65’ Juanma Acevedo), Nacho Ramón (65’ Esteve), Carlos David eta Luis Navarro (106’ Ximo Forner).
SD AMOREBIETA: Marino (76’ Magunagoitia), Víctor López (109’ Jorge Mier), Garro, Juan Rodríguez, Toni Herrero, Sibo (63’ Yriarte), Albisua, Dorrio (63’ Jauregi), Seguín, Izeta eta Pradera (91’ Buján).
Gola: 1-0: Min. 116; Acevedo, penaltiz.
Epailea: Sánchez Villalobos. 115.ean bigarren txartel horia atera dio Izetari. Gainera, Atletico Saguntinoko Estevek eta SDAko Sibok eta Praderak horia ikusi dute.