Urdinek meritu handiko garaipena lortu dute Alaves B-ri egindako bisitan, sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldea eta 2026an porrotik gabe zegoena. SDAren lehen gola, Zorrillak zigilatua, lehen minutua bete aurretik iritsi da. Bigarrena, atsedenaldiaren ostean, Fausto Tienzak egin du penaltiz. Etxekoen gola luzapenean heldu da, garaipen urdina saihesteko ia denborarik gabe.

Partida ahalik eta ondoen hasi da zornotzarrentzat. Izan ere, Zorrillak 0-1ekoa sartu du 30 segundora. Aurrelaria area barruan sartu da Arzalluzen luzapen baten ondoren eta jaurtiketa gurutzatu zehatz batekin atezaina gainditu du. Aurkaria erreakzionatzen saiatu da, baina ezin izan die urdinei min gehiegi egin, defentsa lanetan ondo ordenatuta eta serio, bero handia egon arren. Alavesek abagune aipagarri bakarra sortu du lehen zatian. Pinillosen jaurtiketa langa gainetik joan da. Entrecanalesen burukadak gauza bera egin du bat SDAren aldeko geldikako ekintza batean. Horrela, neurketa 0-1ekoarekin iritsi da atsedenaldira.

Lehenengoan bezain azkarra izan ez den arren, urdinek ere golerako bidea aurkitu dute bigarren zatiaren hasieran. Etxeko atzelari batek eskuarekin moztu du Ceballosen erdiraketa eta epaileak penaltia adierazi du 52. minutuan. Fausto Tienzak hartu du jaurtitzeko ardura eta ez du barkatu. Hortik aurrera, Alaves B gora joan da aldea murrizteko asmoz, baina gureak oso sendo agertu dira. Urdinek seigarren astez jarraian atea hutsean uzteko zorian izan dira, baina etxekoek penaltiz sartu dute gola. Hala ere, 90. minutua gaindituta heldu da aurkariaren gola eta 3 puntuak Urritxera joan dira.

ALAVÉS B: Swiderski, Ballestero, Álvaro, Moreno (75′ Viso), Juanmita (75′ Arzak), Pinillos, Sanz, Garrido, Morcillo (60′ Izei), Aragües (60′ González de Heredia) eta Ibon (60′ Goitia).  

SD AMOREBIETA: Zango, Ceballos (83′ Intxausti), Odei, Entrecanales, Elías, Ituarte (83′ Arratibel), Fausto Tienza, Reka (65′ Asier Sánchez), Hodei Rodríguez (72′ Hernaiz), Arzalluz eta Zorrilla (65′ Etxaniz).

Golak: 0-1: Min. 1; Zorrilla. 0-2: Min. 52; Fausto Tienza, penaltiz. 1-2: Min. 94; Arzak, penaltiz.

Epailea: Eduardo Rodríguez. Txartel horiak: Aragües eta González de Heredia; eta Hodei Rodríguez, Zorrilla eta Hernaiz.

Compártelo