SD Amorebieta

Urdinek 0-2 galdu dute gaur arratsaldean Urritxen jokatu den SD Eibarren aurkako euskal derbian, bi taldeetako zale ugariren aurrean. Julen Guerreroren mutilek lehen zati ona egin dute LALIGA Hypermotionen taldearen aurka, baina bisitariek aurrerapauso bat eman dute bigarren zatian eta punteria ona erakutsi dute bi gol sartzeko.

Lehen zatia berdinduta joan da eta aukera aipagarri gutxi izan ditu. Gureak baloiaren jabe izaten saiatu dira eta armaginak presioan gogor aritu dira. Muñozen jaurtiketa batek defentsa batek itxi du eta apur bat geroago Kaxek zutoinera jaurti du Nakairen pase bikain baten ostean. Horiek izan dira urdinen hurbilketarik arriskutsuenak lehen 45 minutuetan. Marinori lan egitea egokitu zaio Madaren jaurtiketa indartsu bat desbideratzeko.

Atsedenaldiaren ostean, Eibar hobeto zelairatu da eta Puertasek gola sartzeko zorian izan da. Marinok saihestu du geldiketa on batekin. Kaxek erantzun du, Fuzato hegan egitera behartu duen zartako batekin. Partidako lehen gola 68. minutuan egin du Carrascok, zornotzarren area inguruan baloia lapurtu ondoren. Lau minutu geroago, Corpasek 0-2koa sartu du area kanpotik egindako tiro bortitz batekin.

Julen Guerreroren mutilen hurrengo proba bihar izango da. La Planilla bisitatuko dute CD Calahorraren aurka jokatzeko 19:00etatik aurrera.

SD AMOREBIETA: Marino, Carbonell, Yuste, Kortazar, Carbonell, Ben Hamed, Nakai, Muñoz, Hervías, Berto eta Kaxe. Aulkitik Calavera, Selma, Enol Coto, Peru, Reka, Aurtenetxe, Amelibia, Abde, Álvaro Marín, Hardold eta Txaber atera dira.

SD EIBAR: Fuzato, Chema R., Sergio A., Carrillo, Puertas, Guruzeta, Iker Aldai, Mada, Arrillaga, Eric eta Carrasco. Rahmani, Corpas, Endika eta Markel Arana futbolariek ere jokatu dute.

Golak: 0-1: Min. 68; Carrasco. 0-2: Min. 72; Corpas.

Epailea: Ekaitz García Arriola. Txartel horiak atera dizkie Arrillaga eta Chema bisitariei. 

Partekatu