SD Amorebieta

Bere aurkezpen prentsaurrekoa bihar izango da, hilak 9, 12:45ean Urritxen
 

Sociedad Deportiva Amorebieta eta Xabier Etxeita Gorritxategi (Amorebieta-Etxano, 1987-10-31) berriz elkartuko dira, 16 urte geroago. 2006an Athletic Clubeko bigarren taldean jokatzeko Urritxetik irten zen jokalari zornotzarra etxera itzuli da. Pasa den denboraldian SD Eibarren aritu zen eta 21 neurketa ofizialetan parte hartu zuen.

Etxeita SDAko harrobian hazi zen. Bertan eman zituen bere kirol ibilbide bikainaren lehen urratsak, erasoko posizioetan jardunez. Bilbao Athleticen, lehen taldera igo baino lehen, hasi zuen atzaleri gisa jokatzen. Lehoi bezala bere debut ofiziala 2008ko azaroaren 12an heldu zen Errege Kopako partida baten Recreativo de Huelvaren zelaian. Liga txapelketan lau egun geroago izan zen, San Mamesen Osasunaren aurka. Zurigorrien lehen taldean zazpi denboraldi jokatu zituen, bi etapa desberdinetan, eta 140 neurketa ofizialetan parte hartu zuen, 8 gol sartuz.

Lehoi bezala estreinatu zenetik, Lehen eta Bigarren Mailako taldeetan aritu da Etxeita. Txapelketa horietan ia 300 norgehiagoka jokatu ditu Athletic, Cartagena, Elche, Huesca, Getafe eta Eibarren koloreak defendatuz.

Bere palmaresean Superkopa bat dauka, 2015-16 denboraldian lortuta Athleticeko jokalari bezala Barcelonaren kontra. Zornotzarra oso garrantzitsua izan zen lorpen horretan, bi partiduetan titular izan zen eta. Champions League eta Europa Leagueko neurketak ere jokatu ditu eta Bigarren Mailako txapeldun izan zen 2012-13an, Elchen zegoenean. Gainera, internazionala da Espainiako selekzioarekin. 2015ko urrian egin zuen debuta Ukraniaren aurka, Kieven, 2016ko Eurokopara sailkatzeko balio zuen norgehiagoka baten.

Ongi etorri zure etxera, Xabi!

Compártelo