Klubeko presidenteak, Jon Larreak, ekitaldien egitarauaren berri eman du gaur. Besteak beste, Athletic Cluben aurkako partida bat Urritxen, bazkari herrikoi bat Marmitako Lehiaketaren egunean eta dokumental oroigarri baten grabazioa egongo dira

Gaur, 2025eko urtarrilaren 4a, SD Amorebieta eratu zenetik 100 urte zehatz bete diren egunean, klubak bere Mendeurrenaren ospakizunari ekin dio. Herriko Plazatik Urritxeraino joan den kalejira batekin hasi da. Behin zelaian, Fidel Aranbarri 1. bazkideak eta Uxue Azkuenaga harrobiko jokalari gazteenak Mendeurrenaren bandera igo dute. SDAko presidenteak, Jon Larreak, datozen hamabi hilabeteetan egingo diren ekitaldi, jarduera eta ospakizunen berri eman du. Ekitaldi horiek herrikoiak izango dira, eta klubaren eta herriaren arteko lotura bultzatuko dute. Mendeurreneko ekitaldi nabarmenetako batzuk lehen taldeak Athletic Cluben aurka hurrengo denboraldiaurrean jokatuko duen partida edo abenduan Zornotza Aretoan estreinatuko den dokumental baten grabazioa izango dira.


Kalejira, txistulariek girotuta, 12:00etan abiatu da Herriko Plazatik. Aurrean, harrobiko jokalari batzuek bandera oroigarria eraman dute. Jarraian, Jon Larrea SDAko presidentea, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatea, Carlos Gómez Euskadiko Futbol Federazioko presidenteordea eta Udalbatzako alderdietako ordezkariak egon dira.

Behin Urritxen, Garazi Ibarretxe, Amaia Gallastegi, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz bertsolarien emanaldiaren ondoren, Jon Larrea presidenteak hartu du hitza eta gogorarazi du 1925eko urtarrilaren 4an, Antonio de Gorostiagaren lehendakaritzapean, SDA hainbat kirol atalekin jaio zela, hala nola alpinismoarekin, txirrindularitzarekin, atletismoarekin, pilotarekin, ehizarekin, arrantzarekin eta baita nautikarekin ere. “Gaur egun, Amorebieta-Etxanoko herriak erakunde lagunak ditu, espiritu altruista eta bokazional berarekin, kirol diziplina horiek zaintzen eta sustatzen dituztenak. Horiei guztiei kirola eta bere baloreak bultzatzen egindako lana aitortu nahi diegu gaur, eta gure Mendeurrenarekin bat egitera gonbidatzen ditugu”, azpimarratu du Larreak.

SDAko presidenteak, halaber, hamar hamarkada hauetan beren aletxoa eman duten pertsona guztien lana eta konpromisoa nabarmendu ditu. Hil diren guztien omenez, Jou Gonzalez musikari zornotzarrak klubeko ereserkia interpretatu du saxoarekin, sentimendu handiko une bat eraginez emozioz beteriko goiz batean.

“Ohore handia da niretzat SD Amorebietako presidentea izatea edozein unetan, baina are gehiago 2025eko urtarrilaren 4an, gure klubak lehen mendea bete duenean”, adierazi du Larreak. “Mendeurrena antolatzea erronka handia da nire Zuzendaritza Batzordearentzat. Erronka eta erantzukizuna, klubaren historiak bere parean dagoen ospakizun bat antolatzera behartzen gaituelako. Baina ‘ospakizuna’ ez da ‘handikeriaren’ sinonimoa: klubaren egoera ekonomikoak ez du aholkatzen eta espiritu horrek ez gaitu bultzatzen. ‘Ospakizuna’ ‘biztanleriarekin’, ‘zaletasunarekin’ eta ‘emozioarekin’ lotu nahi dugu. Horregatik, Mendeurrena egituratuko duten ekitaldiei izaera herrikoi, amateur eta hunkigarria ematea erabaki dugu”, jarraitu du presidenteak.

Hitza hartu du ere Amorebieta-Etxanoko alkateak, Ainhoa Salterainek. “Zornotzarra naz eta harro nago egindako esaldi bat baino zerbait gehiago da. Nortasuna, pertenentzia eta harrotasuna da, eta horretan Sociedad Deportiva Amorebietak eta klubak izan dituen jokalari, entrentzaile, zuzendari eta masa sozialak lagundu dute ehun urte hauetan. Zorionik beroena eta 2025a gogoratzeko urtea izan daitela”, azpimarratu du Salterainek.

Hauek izango dira Mendeurren urdinaren ekitaldiak:

– Urtarrilaren 30ean, ONCEren zozketako kupoiak SDAren mendeurrena omenduko du.

– Ekainaren 1etik 30era, SDAren ehun urteko historiaren irudi eta objektuen erakusketa izango da Zelaieta Zentroan.

– Haizetaran, Amorebieta-Etxanoko Udalak urtero antolatzen duen kaleko banden lehiaketa ospetsuan, SDAk sari berezi bat emango dio bere ereserkiaren bertsio onenari.

– Uztailaren 19an, Marmitako lehiaketa aprobetxatuz, SDAk herri-bazkaria egingo du eta bertan egungo edo iraganeko bazkide, jokalari, entrenatzaile, zuzendari eta zale guztiek parte hartu ahal izango dute.

– Hurrengo denboraldiaurrean, Athletic Clubeko lehen taldeak Mendeurreneko Partida jokatuko du SDAko lehen taldearen aurka Urritxen.

– Sociedad Artístico Cultural Zornozak antolatzen duen Enrike Renteria Pintura Lehiaketan, zehazki Zintzilik modalitatean, SDAk Mendeurrenean inspiratzen den artelan onena sarituko du.

– Urtean zehar dokumental bat grabatuko da eta abenduaren 11, 12, 13 eta 14an Zornotza Aretoan proiektatuko da.

Urtean zehar egingo diren ekitaldiak iragarri ondoren eta lunchaz gozatu aurretik, Fidel Aranbarri 1. bazkidea eta Uxue Azkuenaga harrobiko jokalari gazteenak bandera igo dute, Tomas Ondarrak diseinatutako logoa duena. Ondoren, ohorezko aurreskuaren txanda iritsi da eta Luis Birizuelak eta Josean Barreirok, bizirik dauden SDAko hiru presidente ohietatik bik bat egin dute (Joseba Barrenetxeak ezin izan du bertan egon).

Amaitu aurretik, Larreak eskerrak eman nahi izan dizkie “Mendeurrenarekin bat egin duten erakunde eta enpresei: BBK Fundazioa, Sidenor, Lointek eta Vasco. Baita Amorebieta-Etxanoko Udalari ere, antolaketan parte hartzeagatik eta laguntzeagatik”. Eta nola ez, presidenteak “SDAko masa sozial osoa eta Amorebieta-Etxanoko herri osoa gonbidatu ditu ekitaldietan parte hartzera”.

Compártelo