Urdinek ezin izan dute punturik lortu SD Tarazonari egindako bisitan. Etxekoek 3-0 irabazi dute gaur arratsaldean jokatu den ligako 10. jardunaldiko partidan. Julen Guerreroren mutilek lehen zati ona egin dute, baina Tarazonak 1-0eko abantailarekin joan da atsedenaldira punteria gehiago erakutsi baitu. Aldageletatik igaro ostean, etxeko taldea gehiago izan da eta garaipena eskuratu du.

Gureak ondo sartu dira neurketan, baina Tarazonak aurrea hartu du lehen hurbilketan. 1-0ekoa geldikako jokaldi baten heldu da- Cubillasek errebote bat baliatu du Gaizka gainditzeko lehen ordu laurdena bete aurretik. Berdinketa iristear egon da 21. minutuan Enol Cotoren bitartez. Carbonellen erdiraketa bikain baten ondoren, bere errematea kanpora joan da gutxigatik. 26an gertu egon da gola ere. Herviasen erdiraketa errematatzailerik aurkitu gabe ixten joan da eta zentimetro gutxigatik ez du bukatu sare barruan.

Urdinek partidaren pisua eramaten zuten, baina Aragoiko taldea ondo defendatzen zen bere area inguruan. 37. minutuan Iñigo Muñoz izan da berdinketa bilatu duena. Fuoli atezainak desbideratu du bere jaurtiketa gogorra. Tarazonak kontraeraso on batekin erantzun du. Zornotzarren lasaitasunerako, Fuentesen jaurtiketa kanpora joan da. Lehen zatiko azken saiakera Carbonellena izan da, area kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez, baina ezin izan du atezaina gainditu.

Aldageletatik pasatu ostean, lehiaren gidoia aldatu da. Bigarren zatiko lehen abisua Tarazonak eman du Menaren falta jaurtiketa batekin eta Gaizkak gelditu du. 2-0ekoa 51.ean heldu da, Fuentesek sinatuta, area barruan sortu den jokaldi korapilatsu baten ondoren. Gure taldeak erreakzionatu egin du eta partidaren zati bat kontrako atetik gertu igaro du, baina ez du abagune argirik sortu. Beste aldean, Fuentesek akats berri bat baliatu du 3-0ekoa sartzeko 65ean. Hortik aurrera, norgehiagokak aukera argirik gabe jarraitu du eta Aragoiko taldeak 3 puntuak lotu ditu.

SD TARAZONA: Fuoli, Camus, Vadik, Areso (69’ Javi Martín), Cubillas (69’ Borja Romero), Mena (79’ Iker Gil), Jannick (79’ Marc Álvarez), Juan Rodríguez, Fuentes, Llácer (55’ Chechu Martínez) eta Manu Rico.

SD AMOREBIETA: Gaizka, Carbonell, Amelibia, Kortazar, Enol Coto, Ben Hamed, Coulibaly (73’ Mauro Bravo), Iñigo Muñoz (83’ Calavera), Hervías (58’ Julen Jon), Selma (58’ Berto) eta Kaxe (58’ Álvaro Marín).

Golak: 1-0: Min. 13; Cubillas. 2-0: Min. 51; Fuentes. 3-0: Min. 65; Fuentes.

Epailea: Francisco García Riesgo. Txartel horiak atera dizkie Llácer, Manu Rico, Jannick, Marc Álvarez; Carbonell eta Calavera jokalariei.

Compártelo