SD Amorebieta

Urdinek 2022-23 aurredenboraldiko lehen lagunartekoa jokatu dute gaur arratsaldean, Sociedad Deportiva Eibarren aurka. LaLiga SmartBankeko taldea maila gorenera igotzeko hautagaietako bat izango da berriro. Norgehiagoka Atxabalpen izan da eta talde armaginak 5-2 irabazi du, bere denboraldi-aurreko laugarren partidan. Josué Dorrio eta Urko Izeta izan dira zornotzarren golegileak, aurreko hiru partidetan golik jaso ez duen talde baten kontra.

Partidako lehen abisua gureek eman dute Dorrioren bitartez, baina bere jaurtiketa langa gainetik joan da Bujanen jokaldi on baten ondoren. Eibarrek Tronchoren aukera batekin erantzun du. Marinok gola eragotzi du geldiketa itzel batekin. Urdinen atezainak ezin izan du ezer egin Bautistaren (20.ean) eta Aketxeren (25.ean) golak saihesteko. Urdinek lehen zatiaren azken txanpan aldea murriztea izan dute helburu. Lortzeko zorian izan da Izeta 38. minutuan, baina bere saiakerak ez du aterik aurkitu. Izeta bera ere jokaldi bikain baten protagonista izan da handik gutxira. Hainbat aurkari gainditu ostean bere jaurtiketa atzelari batek blokatu du, baina baloia Dorriori iritsi zaio eta 2-1ekoa ezarri du atsedenaldira heldu aurretik.

Eibar indartsuago itzuli da aldagelatik eta beste bi gol lortu ditu bigarren zatiaren hasieran. Aketxe penaltiz eta Rahmani izan dira egileak. Haritz Mujikaren taldearen presio altuak bere fruituak eman ditu 55. minutuan. Dorrio aurkariaren zelaian berreskuratu du baloia, area barruan sartu da eta Izetari utzi dio. Honek ez baitu barkatu eta 4-2koa sinatu du. Bi taldeek golaren bila jarraitu dute amaierara arte eta Bautista izan da 75.ean saria lortu duena (5-2).

Lehen proba honen ondoren, urdinek lanean jarraituko dute datozen asteetan, abuztuko azken asteburura, Lehen Federazioko liga txapelketa hasiko denean, egoera onean iristeko asmoz. Hilabete bat aurretik joko kontzeptuak bereganatzen jarraitzeko eta tonu fisikoa hobetzeko, Sabadellen zelaira egingo duten bisitari begira. Hurrengo lagunartekoa datorren larunbatean, abuztuak 6, izango da Osasuna Promesas taldearen aurka. Urritxen izango da 11:30ean.

SD EIBAR: Cantero, Chema, Berrocal, Rahmani, Cubero, Ríos Reina, Bautista, Matheus, Aketxe, Yriarte eta Troncho. Aulkitik Alejando, Vadillo, Iñigo Martín, Zabala eta Roncal atera dira.

SD AMOREBIETA: Marino, Intxausti, Murua, Xiker, Leiza, Cantón, Youssef, Dorrio, Buján, Izeta eta Jauregi. Aulkitik Jonmi, Ube, Garro, Víctor López, Albisua eta Aiarza atera dira.

Golak: 1-0: Min. 20; Bautista. 2-0: Min. 25; Aketxe. 2-1: Min. 40; Dorrio. 3-1: Min. 49; Aketxe, penaltiz. 4-1: Min. 50; Rahmani. 4-2: Min. 55; Izeta. 5-2: Min. 75; Bautista.

Epailea: Josué Villaquirán.

Compártelo