Urdinek euren adorea erakutsi dute Unionisten aurka berdinketa lortzeko bihotzekoentzat egokia izan ez den norgehiagoka batean. Julen Guerreroren mutilek 0-2 galtzen zuten 75. minutuan, nahiz eta partida ona jokatu, baina ez diote borrokari utzi. Kolpe ugari jaso arren, 94. minutuan berdinketa lortu dute (3-3) geldikako jokaldi batean.

Lehia maldan gora jarri zaio SDAri 2. minutua bete baino lehen, Pauk Gaizkaren aldaratze labur bat baliatu baitu markagailua zabaltzeko. Kolpearen ondoren, gureak jaun eta jabe egin dira eta estutu egin dute berdinketaren bila. Herviasen zartakoa langatik gertu atera da, Kaxeren errematea Martinezek harrapatu du eta Carbonellen eskuinkadak ere ez du aterik aurkitu lehen 20 minutuetan. Urdinek aurkaria giltzapetu dute. Aukera garbirik sortu gabe, Unionisten arearen inguruan ibili dira gureak, baina Salamancako taldeak gogor defendatu du atsedenaldira 0-1ekoa eusteko.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Herviasek Martinez luzatzera behartu du. Ben Hamedek ere area ertzetik jaurti du, atezainaren eskuetara. Kontraeraso batean, Pauk errenta handitu nahi izan du, baina Gaizkaren eskularruekin egin du topo. Julen Jonek eta Herviasek erantzun dute Martinezek harrapatu dituen bi tiroekin. Gureak aurrera joan dira eta Unionistek 0-2koa egiteko aprobetxatu du eraso azkar batean Alvaroren bitartez 75.ean.

Hortik aurrera, norgehiagoka erotu da. Iñigo Muñozek aldea murriztu du 77.ean aurkariaren area barruan sortutako zalaparta konponduta eta Carbonellek 2-2koa sartu du 80.ean areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitzarekin. Urritxe piztu da, baina 82.ean kolpe berri bat jaso du. Gaizkak Jonnyren gola eragotzi du, baina aldaratzea aurkariari erori zaio eta 2-3koa egin du. Hori gutxi balitz, urdinak bat gutxiagorekin geratu dira Yustek txartel gorria ikustearen ondorioz. Unai Marinok eta Julen Guerrero entrenatzaileak ere txartel gorria ikusi dute aulkian. Ezbehar guztiak gorabehera, urdinek ez diote borrokari utzi, eta luzapenean lortu dute beren lanaren saria. Muñozek falta bat jaurti du, Kortazarrek errematea borrokatu du eta baloia ate barrura sartu da zale zornotzarren poztasunerako.

SD AMOREBIETA: Gaizka, Carbonell, Amelibia, Yuste, Kortazar, Enol Coto, Ben Hamed (58’ Nakai), Coulibaly (58’ Berto), Hervías (71’ Iñigo Muñoz), Selma (66’ Julen Jon) eta Kaxe (66’ Álvaro Marín).

UNIONISTAS CF: Martínez, García-Die, Ramiro, Imanol Baz, Rabadán, Pau, Álvaro (76’ Pascual), Iñaki (82’ Tavares), Dani García (63’ Jonny), Vergés eta Santamaría (63’ Iván Moreno).

Golak: 0-1: Min. 2; Pau. 0-2: Min. 75; Álvaro. 1-2: Min. 77; Muñoz. 2-2: Min. 80; Carbonell. 2-3: Min. 82; Jonny. 3-3: Min. 94; Kortazar.

Epailea: Álvaro López Parra. Txartel gorri zuzenak atera dizkie Yuste, Marino eta Julen Guerrero entrenatzaileari. Txartel horiak Yuste, Marín, Kortazar eta Bravo SDAren aldetik eta Unionistaseko Rabadán eta Iván Moreno futbolariek ikusi dituzte.

Compártelo