SD Amorebieta 3-1 SD Ponferradina: Garaipena Urritxeko gotorlekuan

Urdinek SD Ponferradina gainditu dute Urritxeko gotorlekuan, igoera lortzeko borrokan murgilduta dagoen taldea, 3-1eko emaitzarekin. Masllorensek atea ireki du lehen zatian eta, aldageletatik igaro ostean, Iñigo Muñozek eta Ben Hamedek abantaila handitu dute bigarren zatiaren hasieran. Hori guztia Urritxeko zaleen laguntzarekin. Bisitarien gola luzapenean heldu da.
Partida berdinduta hasi da. Zelai erdian borroka handia eta albiste gutxi areatan. Ponferradinak izan du lehen aukera, bikoitza, 18. minutuan. Marinok erantzun bikaina eman dio Lanchoren erremateari eta, aldaratzearen ondoren, Borja Vallek baloia langara bidali du. Pixkanaka, urdinak aurkariaren atera hurbildu dira. Masllorensek eta Ben Hamedek saialdiak egin dituzte area ertzetik, baina ez dute aterik aurkitu. Kortazarren burukada ondo zuzenduta zegoen, baina defentsa batek gelditu du. 1-0ekoa 33. minutuan heldu da. Masllorensek, urtarrilean iritsitako errefortzuetako batek, bolea handi bat lotu du Urritxera alaitasuna eramateko.
Golak hegoak eman dizkie gure jokalariei eta atsedenaldira iritsi aurretik abantaila handitzeko aukerak sortu dituzte. Argiena Ben Hamedek izan du, Prieto atezainaren geldiketa onarekin topo eginda. Iñigo Muñozek ere bilatu du gola, area barruan maniobra ona eginda, baina jaurtiketa sarearen albora joan da. Urdinek ez dute erritmoa jaitsi aldageletatik igaro ostean. Horrela, 2-0ekoa 50.ean iritsi da. Herviasek Iñigo Muñozekin bat egin du eta honek zartako bat atera du area kanpotik. 3-0ekoa berehala heldu da. Ben Hamed sukalderaino sartu da eta ez du barkatu.
Hiru goleko abantailarekin, Ponferradina gora joan da golaren bila. Bustosek aukera paregabea izan du 69. minutuan aldea murrizteko, baina bere jaurtiketa gurutzatuta joan da. Gureek, sendo, aurkari on bat kontrolatzen jakin dute, baina luzapenean Andujarrek behin betiko 3-1koa sartu du.
SD AMOREBIETA: Marino, Amelibia, Yuste, Kortazar, Carbonell, Masllorens (81’ Coulibaly), Ben Hamed, Hervías (61’ Camacho), Iñigo Muñoz (74’ Eric), Selma (81’ Álvaro Marín) eta Kaxe (61’ Vicandi).
SD PONFERRADINA: Prieto, Andújar, Sibille (46’ Bustos), Lancho, Borja Valle, Pau Ferrer (75’ Ernesto), Markel, Carrique, Andoni López (58’ Álvaro), Esquerdo (58’ Álex Mula) eta Marc (46’ Yeray).
Golak: 1-0: Min. 33; Masllorens. 2-0: Min. 50; Iñigo Muñoz. 3-0: Min. 57; Ben Hamed. 3-1: Min. 91; Andújar.
Epailea: Armando Ramo Andrés. Txartel horia atera die Natxo González entrenatzaileari eta Amelibia eta Coulibaly SDA-ko jokalariei; eta Ponferradinako Álvaro jokalariari.