Logotipo centenario SD Amorebieta

Urdinek beste garaipen bat lortu dute Urritxen, laugarrena jarraian etxean, CD Alfarori irabazita. Aitor Zulaikaren taldea nagusi izan da berdegunean eta markagailuan islatu du Julen Castañeda, Gonzalo Zorrilla eta Aitor Torricoren golen bitartez.

Urdinak ondo hasi dira, nagusi, eta laster estreinatu dute markagailua. 1-0ekoa Castañedari egindako penalti baten ondorioz iritsi da. Atzelariak berak sartu du 13. minutuan hamaika metroetatik egindako jaurtiketa indartsu baten bidez. Lehentxeago, Ceballosek Ibañez atezain bisitaria hegan egitera behartu du, eskuadrara zihoan areaz kanpoko misil batekin. Lehen zatiaren erdialdean, Zorrillak aukera ona izan du abantaila handitzeko, baina atezainaren geldiketa onarekin egin du topo. Hala ere, atsedenaldira heldu baino lehen, 2-0ekoa egin du Zorrillak. Maniobra polit batekin atzelaria atzean utzi eta zartako gurutzatu bat atera du baloia sarera bidaltzeko. Merezitako saria Zulaikakoen lehen zati onari.

Gidoia ez da aldatu aldageletatik igaro ondoren. Urdinak hobeto zelairatu dira eta 3-0ekoa lortu dute 51.ean. Oraingoan, Torricoren bitartez. Fausto Tienzaren pase ona jaso, area barruan sartu eta atezainaren gainetik ipini du baloia aurrelariak. Laugarrena egiteko zorian egon da Arzalluz Ceballosen zerbitzu bikainaren ostean, baina bere jaurtiketa gurutzatuegia atera da. Hortik amaierara, urdinek partidaren pisua eramaten jarraitu dute, baina ez dute aukera argirik izan. Alfarok ere ez, zornotzarrek lehia osoan aurkaria neutralizatzen jakin baitute. Rekak azken txanpan atea ikusi du, baina jokoz kanpo, eta partida 3-0ekoarekin bukatu da.

SD AMOREBIETA: Altamira, Mendibe, Castañeda, Entrecanales, Odei, Arzalluz (63’ Asier Sánchez), Fausto Tienza (72’ Marouane), Ceballos, Zorrilla (81’ Hernaiz), Torrico (72’ Reka) eta Hodei Rodríguez (81’ Arratibel).

CD ALFARO: Ander Ibáñez, Asier Benito (58’ Álex Aguado), Aitor Pérez, Fran Sota (81’ Alejandro Domínguez), Mario León (58’ Mario Gil), Iñigo Burusco (77’ Asier Berzal), Jaime Dios, Álvaro Santos, Martín Salvador, Rubén Morillas eta Iván Garrido (58’ Iñigo Jiménez).

Golak: 1-0: Min. 13; Castañeda, penaltiz. 2-0: Min. 40; Zorrilla. 3-0: Min. 51; Torrico.

Epailea: Álvaro Sahelices. Txartel horiak: Fausto Tienza; Martín Salvador eta Iñigo Jiménez.

Compártelo