SD Amorebieta

Urdinek garaipena lortu dute gaur Urritxen jokatu den Bizkaiko derbian. Partidako hiru golak bigarren zatian heldu dira. Jauregik, hirugarren astez jarraian atea ikusi duenak, garaipena bideratu du bi golekin eta Izetak behin betiko 3-0koa ezarri du azken txanpan.

Lehen zatia berdinduta igaro da, abagune gutxirekin. Talde zurigorria nagusi izan da lehen txanpan eta Luis Bilbaoren bitartez gola sartzen saiatu da birritan, baina Magunagoitiak berdinketa mantendu du geldiketa onekin. Minutuak aurrera joan ahala, gureek Padillaren area bisitatzea lortu dute, baina ezin izan dute aukera argirik sortu.

Gidoia aldatu egin da atsedenaldiaren ostean. Praderak area kanpotik egindako saiakerak Padilla 54.ean hegan egitera behartu du. Handik gutxira, Pradera bera area barruan bota dute eta epaileak penaltia adierazi du. Jauregik ez du barkatu hamaika metroetatik. 

Golak hegoak eman dizkie gaur Unai Zubiaurrek zuzendu dituen jokalariei, Haritz Mujikaren zigorra dela eta. Rayco eta Izeta abantaila handitzetik gertu egon dira, baina euren jaurtiketak zutoinetik oso gertu joan dira. 2-0ekoa 69. minutuan iritsi da. Dorriok jaurtitako falta batek zalaparta sortu du area barruan eta hor agertu da Jauregi txapelketako zortzigarren gola sinatzeko. Hortik aurrera, urdinek kontrolpean izan dute derbia denboraldiko bigarren garaipena lortzeko. Izan ere, aukera ugari izan dituzte abantaila handitzeko. Azkenean, 3-0ekoa 87.ean heldu da kontraeraso on bati esker, Seguinen pasearekin eta Izetaren golarekin amaitu dena.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Murua, Juan Rodríguez, Toni Herrero (88’ Cantón), Sibo, Yriarte, Dorrio (74’ Buján), Rayco (74’ Seguín), Jauregi (88’ Albisua) eta Pradera (57’ Izeta).

BILBAO ATHLETIC: Padilla, Mikel Mendibe, Unai Naveira (62’ Rego), Malcom Ares, Mikel Goti (62’ Guruzeta), Unai Gómez (74’ De Jesús), Eguiluz, Aritz Pascual (62’ Cabo), Luis Bilbao (74’ Urain), Hugo Rincón eta Gerenabarrena.

Golak: 1-0: Min. 56; Jauregi, penaltiz. 2-0: Min. 69; Jauregi. 3-0: Min. 87; Izeta.

Epailea: Jaime Ruiz Álvarez. Billbao Athleticeko Mendibe jokalaria kaleratu du 80. minutuan. Txartel horiak atera dizkie SDAko Dorrio, Jauregi eta Toni Herrerori; eta Luis Bilbao bisitariari. 

Partekatu