SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dituzte Kopako final-hamaseirenak gainditu, Real Club Celtaren aurka galdu baitute Urritxen goiz euritsu batean. Jandroren mutilak abantailarekin heldu dira atsedenaldira, Jauregiren eta Raycoren golak buelta eman baitiote bisitariek lehenengo minutuan lortutakoari. Hala ere, Lehen Mailako taldeak markagailua irauli du bigarren zatian eta final-zortzirenetarako txartela eskuratu du.

Kanporaketa laster jarri zaio maldan gora talde zornotzarrari, izan ere, Miguelek area kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez aurreratu ditu bisitariak. Hala ere, gureak ez dira behera etorri eta Celtaren area inguratzen hasi dira. Dorrio berdinketa itzultzeko zorian egon da 15ean, baina Ivan Villarrek gelditu egin du bere saiakera buruz burukoan. 1-1ekoa 30ean iritsi da. Raycok eta Dorriok jokaldi bikaina asmatu dute ezker hegaletik eta Jauregik area barruan errematatu du kanariarraren pasea.

2-1ekoa segituan heldu da, 34. minutuan. Quinterok zartako bat konektatu du eta, errebote batzuen ondoren, baloia Raycok jaso du, jaurtiketa zehatz batekin ate barrura bidaltzeko. Hortik atsedenaldira, Vigoko taldeak berdinketaren bila estutu du, baina gureak sendo ibili dira defentsa lanetan aukerarik ez emateko eta atsedenaldira gol bateko abantailarekin joan dira.

Bigarren zatia euri-zaparrada batekin hasi da eta Rafa Benitezen taldeak markagailua iraultzea lortu du hasierako minutuetan. 2-2koa Jailsonek sinatu du 48.ean geldikako ekintza batean eta 2-3koa Douvikasek sartu du buruz Miguelen erdiraketa baliatuz. Douvikasek beste aukera on bat izan du jarraian, baina bere zartakoak zutoinaren kontra jo du. Segituan, SDAk erantzun du Raycoren aukera batekin. Jaurtiketa gurutzatua Ivan Villarrek desbideratu du. Jokoak joan-etorrian jarraitu du eta Celtak zutoinean jo du berriro, oraingoan Miguelen jaurtiketa baten ostean.

Hasiera bizi horren ondoren, abaguneen erritmoak behera egin du minutuek aurrera egin ahala. Berdegune lokaztuaren gainean, futbol zuzena zen nagusi Urritxen. Horrela, geldikako beste jokaldi batean, Douvikasek 2-4koa zigilatu du amaieratik ordu laurdenera. Gertu izan du Jauregi aldea murriztea segundo batzuk geroago, baina bere burukada kanpora joan da gutxigatik. Morci ere saiatu da, sarearen albora joan den jaurtiketa batekin. Gureek azken unera arte borrokatu dute bizia ematen zien gol baten bila, baina ez da posible izan eta agur esan diote Errege Kopari.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Gayà (77’ Etxeita), Félix, Seguín (51’ Lasure), Erik Morán (64’ Sibo), Edwards (77’ Morci), Dorrio, Rayco, Quintero (64’ Eraso) eta Jauregi.

RC CELTA: Iván Villar, Núñez, Dotor, Douvikas, De la Torre (77’ Hugo Álvarez), Jailson, Williot, Kevin Vázquez (87’ Javi Rodríguez), Manu Sánchez, Miguel (87’ Carles Pérez) eta Hugo Sotelo.

Golak: 0-1: Min. 5; Miguel. 1-1: Min. 30; Jauregi. 2-1: Min. 34; Rayco. 2-2: Min. 48; Jailson. 2-3: Min. 52; Douvikas. 2-4: Min. 74; Douvikas.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie Jailson eta Núñez jokalariei.

Partekatu