SD Amorebieta 2-2 SD Tarazona: Berdinketa Urritxen 2025ean jokatutako lehen partidan
Urdinek berdinketarekin bukatu dute 2025ean Urritxen lehiatu duten lehen partidan, gaur gauean jokatu dutena SD Tarazonaren aurka. Natxo Gonzalezen taldeak ondo ekin dio neurketari eta Ben Hameden bitartez aurrea hartu du, baina talde bisitariak markagailua irauli eta azken txanpara abantailarekin iristea lortu du, Aimar Vicandi agertu denean behin betiko 2-2koa sinatzeko bere estreinaldian Urritxen.
Gureak ondo sartu dira partiduan, jaun eta jabe, eta laster aurkitu dute saria. Lehenengo Ericek abisatu du Fuolik harrapatu duen tiro batekin. 1-0ekoa 9. minutuan iritsi da. Atzetik baloi irteera on bat egin ondoren, Ben Hamedek zartako batekin ireki du markagailua. Urdinek kontrolpean zuten egoera, baina zoritxarreko ekintza batean Kaxek eskuarekin jo du area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Marino gelditzeko zorian egon da, baina Fuentesen jaurtiketa ondo kokatuta joan da.
20. minutuan lortutako golak on egin dio Tarazonari, eta zornotzarren area inguruan hasi da jokatzen. Gureei orain defendatzea tokatzen zitzaien. Apurka-apurka, urdinek berriro luzatzea lortu dute eta atsedenaldira iritsi aurretik aukera onak izan dituzte. Argienak Iñigo Muñozek eta Carbonellek izan dituzte. Fuolirekin topo egin dute biek. Lehen zatiko azken txanpan Natxo Gonzalez entrenatzailea kanporatu dute, erabaki oso eztabaidagarriak hartu dituen epaileari egindako protestengatik.
Bigarren zatia nahiko berdinduta hasi da eta bi aldeetan ez da aukera aipagarririk izan, nahiz eta bi taldeak saiatu diren. Horrela igaro da partida 65. minutuan Aresok buruz 1-2koa egin duen arte. Urdinak buru-belarri aritu dira berdinketaren bila, baina ez dute aukera argirik sortu. Hala ere, ez dituzte besoak jaitsi eta 2-2koa lortu dute azken txanpan. Area barrura egindako erdiraketa baten ondoren, baloia solte geratu da eta Vicandi agertu da atezaina gainditzeko.
SD AMOREBIETA: Marino, Enol Coto, Amelibia, Kortazar, Mauro Bravo (66’ Vicandi), Yuste (66’ Coulibaly), Ben Hamed, Carbonell, Iñigo Muñoz (77’ Álvaro Marín), Eric (77’ Berto) eta Kaxe (66’ Selma).
SD TARAZONA: Fuoli, Camus, Chechu, Vadik, Areso (71’ Mena), Cedeño (71’ Jannick), Juan Rodríguez, Ángel López, Fuentes, Pradera (89’ Álvarez) eta Manu Rico (71’ Romero).
Golak: 1-0: Min. 9; Ben Hamed. 1-1: Min. 21; Fuentes, penaltiz. 1-2: Min. 65; Areso. 2-2: Min. 80; Vicandi.
Árbitro: Jaime Ruiz Álvarez. Txartel gorria atera dio 35ean Natxo Gonzalez SDAko entrenatzaileari, eta txartel horiak Cedeño, Manu Rico eta Camus bisitariei.