SD Amorebieta 2-2 Barakaldo CF: Berdinketa euriak markatutako derbian
Urdinek ezin izan dute bere hirugarren garaipena jarraian lortu Urritxen, non jokatutako azken bost partidatan puntuak pilatu dituzte, Barakaldoren aurka 2-2 berdindu baitute euriak eta putzuek markatutako derbian. Gure taldeak bi aldiz jarri da aurretik markagailuan Selmak lehen zatian sartutako penaltiari eta Enol Cotok bigarrenean sartutako gol izugarriari esker.
Natxo Gonzalezen taldea gogotsu atera da eta hainbat abagune sortu ditu hasierako minutuetan, baina punteria falta izan da azken metroetan. Derbia berehala berdindu da. Borroka handia, joko zuzena eta aukera gutxi. Gidoia aldatu egin dute urdinek 24. minutuan, Kaxe gola sartzeko zorian egon denean. Larrua langatik gertu atera da. Jarraian, Ben Hamedek Unai Perezen geldiketa handi batekin egin du topo. Hala ere, jokaldiak aurrera jarraitu du eta 14.a area barruan bota dute. Penaltia. Selmak bere gain hartu du hura jaurtitzeko ardura, eta ez du barkatu. Barakaldok ondo erantzun du eta hiru aukera on kateatu ditu. Zornotzarren lasaitasunerako, ez du saririk aurkitu eta gureak abantailarekin iritsi dira atsedenaldira.
Aldageletatik igarotezak on egin dio kanpoko taldeari, 51.ean berdinketa lortu baitu. Marinok gelditu ona egin du Pedernalesen errematean, baina aldaratzea Revillak jaso eta fusilatu egin du. Urdinek gertu izan dute bigarrena handik gutxira. Carbonellek motorra martxan jarri du Ben Hameden pasearen ondoren eta area sartu da, baina bere jaurtiketa kanpora joan da. 2-1ekoa 67.ean iritsi da. Enol Cotok gol ikaragarria egin du area ertzetik, baloia eskuadratik sartu da. Pozak gutxi iraun du. Barakaldok 2-2koa egin du 71. minutuan Pablo Santiagoren bitartez. Azken txanpan bi taldeak saiatu diren arren, puntu-banaketarekin amaitu da borroka.
SD AMOREBIETA: Marino, Enol Coto, Carbonell, Amelibia, Calavera, Mauro Bravo, Ben Hamed, Yuste, Iñigo Muñoz (62’ Hervías), Selma (78’ Reka) eta Kaxe (78’ Álvaro Marín).
BARAKALDO CF: Unai Pérez, Borja García, Ekaitz Molina, Pedernales, Huidobro (77’ Martínez), Maroan, Imanol Torre, Adrián Revilla (77’ Isuskiza), Markel Artetxe, Kepa Uriarte (46’ De Jesús) eta Luis Bilbao (63’ Pablo Santiago).
Golak: 1-0: Min. 28; Selma, penaltiz. 1-1: Min. 51; Revilla. 2-1: Min. 67; Enol Coto. 2-2: Min. 71; Pablo Santiago.
Epailea: Alejandro Morilla Turrión. SDAko Kaxe, Mauro Bravo eta Enol Cotori txartel horia atera die.