SD Amorebieta 2-1 UD Logroñés: Arbelak hirugarren garaipena jarraian eman die urdinei Urritxen

Urdinek hirugarren garaipena jarraian lortu dute Urritxen, Union Deportiva Logroñesi 2-1 gailenduta, Utebo eta Tudelanorekin berdinduta liderra zetorren taldea. SDAren bi golak estrategiazko jokaldietan gauzatu dira, zehazki Iker Rekagorri harrobiko jokalari zornotzarrak lehen zatian eta Fausto Tienzak bigarrenean errematatutako bi kornerretan. Gureek gol gehiago egiteko aukerak izan dituzte, Arzalluzek kanpora bota duen penaltia bezala. Aurkariak ere abagune onak sortu ditu, baina Benitezek bakarrik gainditu ahal izan du geldiketa bikainak egin dituen Altamira atezaina.
Lehen 25 minutuetan ia aukerarik gabe igaro da lehia, baina gidoia aldatu egin da une horretatik aurrera. Urdinek taldeko jokaldi polit batekin abisatu dute. Rekak maisuki eman dio pasea Ceballosi hegaletik eta hau sukalderaino sartu da atezaina baloia kornerrera bidaltzera behartuz. Kornerraren sakean bikain funtzionatu du arbelak. Entseatutako ekintza batean, Rekak Torricoren ukitua baliatu du markagailua irekitzeko.
Ondo erreakzionatu du Errioxako taldeak eta bi aukera on sortu ditu atera eta berehala. Lehenengoan, Altamiraren geldiketa onak Santanaren gola eragotzi du. Eta handik gutxira, zutoinak Febasen tiroa uxatu du. Azken txanpan erritmoa baretu egin da, neurri handi batean aireko lehia baten ondorioz egon den kolpe batengatik Cabetas atsedenaldira iritsi aurretik ordezkatu behar izan dutelako.
Aldageletatik igaro ostean, UD Logroñés indartsu itzuli da, baina Altamiraren geldiketa on batekin topo egin du berriro. Gure taldeak aurkariaren hasiera bortitza eusten jakin du eta partida aurrera joan da abagune argirik gabe, 62. minutuan 2-0ekoa heldu den arte. Berriro korner batean. Oraingoan Castañedak bota eta Fausto Tienzak burukada itzela sartu du.
Urdinak abantaila handitzetik gertu egon dira. Arzalluzek buruz buru geratu da atezainarekin eta honek lurrera bota du. Arzalluzek berak jaurti du penaltia, baina kanpora joan zaio. 72.ean, talde bisitaria bat gutxiagorekin geratu da, Bertok bigarren txartel horia ikusi baitu. Hala ere, aldea murriztea lortu dute Benitezen bitartez. 2-1ekoarekin, gureei defendatzea egokitu zaie amaierara arte etxean hirugarren garaipena jarraian lortzeko.
SD AMOREBIETA: Altamira, Ceballos, Entrecanales, Odei, Castañeda, Elías (77’ Asier Sánchez), Mendibe, Marouane (58’ Fausto Tienza), Reka (58’ Hodei Rodríguez), Arzalluz (88′ Hernaiz) eta Torrico (77’ Zorrilla).
UD LOGROÑÉS: Daza, Camacho, Cabetas (45’ Val), Ugarte (58’ Urki), Marí, Febas (58’ Rivero), Santana (58’ Berto), Otadui (77’ Lhery), Benítez, Pascual eta Rezola.
Golak: 1-0: Min. 28; Reka. 2-0: Min. 62; Fausto Tienza. 2-1: Min. 82; Benítez.
Epailea: Sergio Álvarez. UD Logroñéseko Berto kaleratu du 72an bi txartel horirekin. Gainera, SDAko Marouane, Entrecanales, Odei, Mendibe, Zorrilla eta Castañeda jokalariek; eta Daza bisitariak txartel horia ikusi dute.