SD Amorebieta

Urdinek garaipen berri bat eskuratu dute denboraldiaurrean. Gaur arratsaldean Sociedad Deportiva Eibarri irabazi diote, LaLiga Hypermotionen arituko den beste talde euskaldunari, Urritxen jokatutako derbian. Haritz Mujikaren mutilek 2-1 irabazi dute Sibo eta Carbonellen golekin.

Norgehiagoka oso polita hasi da, lehen hamar minutuetan bi gol egon baitira. Sibok 5.ean aurreratu ditu gureak. Ghanarrak Raycok area barruan emandako pasea aprobetxatu du baloia Lucaren ate barrura bidaltzeko. Markagailua berriro berdindu da handik gutxira, Tronchok buruz 1-1ekoa sinatu du eta korner baten ondoren. Partida nahiko parekatua eta aukera handirik gabe jarraitu du Sibo, ordu erdia gaindituta, atea berriro ikustetik gertu egon den arte, Raycoren jaurtiketa indartsu bat buruz desbideratuta. Baloia gutxigatik joan da kanpora. 2-1ekoa 38. minutuan heldu da, Carbonellen bitartez. Erdilari katalanak aurkariaren zelaian lapurtu du baloia, areara iritsi da eta kalitate handiarekin zutoinari itsatsita sareratu du.

Eibarrek abagune ona sortu du bigarren zatiaren hasieran, baina Tejeroren jaurtiketa gora joan da. 60an Blancho Leschukek bilatu du berdinketa Marinok gelditu duen tiro indartsu batekin. Urdinek aukera batekin erantzun dute, baina Edwardsen erremateak ez du atea aurkitu Seguinen erdiraketa baten ostean. Nekeak eragin handia izan du derbiaren azken txanpan eta aukerak urriak izan dira. Gureek egoera kontrolatzen jakin dute aurredenboraldiko laugarren garaipena lortzeko.

SD AMOREBIETA: Marino, Núñez, Hernando, Félix, Lasure, Carbonell, Sibo, Eraso, Quintero, Rayco eta Jauregi. Aulkitik Mier, Edwards, Etxeita, Seguín, Morán eta Grant atera dira. 

SD EIBAR: Luca, Venancio, Rober Correa, Quique, Matheus, Aketxe, Yriarte, Feuillassier, Arbilla, Troncho eta Arrillaga. Muguruza, Cantero, Cubero, Berrocal, Sergio Álvarez, Blancho Leschuk, Rahmani, Tejero, Chema, Iker Alday eta Mario futbolariek ere jokatu dute.

Golak: 1-0: Min. 5; Sibo. 1-1: Min. 9; Troncho. 2-1: Min. 38; Carbonell.

Epailea: Gorka Etayo Herrera.

Partekatu