SD Amorebieta 2-1 Barça Atlètic: Urdinek 45 segundotan, luzapenean sartuta, irauli dute markagailua
Zoramena Urritxen! A zer amaiera! Urdinek garaipena lortu dute FC Barcelonaren bigarren taldearen kontra bukaera izugarri bati esker. Bisitariak 85. minutuan aurreratu dira, baina gureek ez dute amore eman eta markagailua iraultzea lortu dute luzapenean bi gol sartuta. Berto 91:44an eta Coulibaly 92:30ean. 45 segundoko estasia, Natxo Gonzálezen estrainaldian Urritxen SDAko entrenatzaile gisa.
Hasieran, gureek presio handia egin dute aurkariaren joko konbinatiboa zailtzeko eta partidako lehen aukera aipagarria sortu dute 12. minutuan, Herviasek area barruan aldaratze bat harrapatu duenean. Hala ere, bere tiroa kanpora joan da. Minutuek aurrera egin ahala, Barça Atlètic baloiaren jabe egin da hainbat jabetza luzerekin. Carbonellek arriskua sortu du hegaletik arrapalada azkar batekin, baina bere saiakerak Astralagak harrapatu du. Talde bisitariak erantzuna eman dio Cedricek sarearen albora egindako jaurtiketa batekin. Cedricek berak beste aukera bat izan du, lehen ordu erdia gaindituta. Gaizkak ondo gelditu du errematea. Aurkariak baloia zuen eta gureei defentsako lanak egitea tokatzen zitzaien, aukerarik ez emateko. Horrela, lehen zatia golik gabe bukatu da.
Urdinak erasokor itzuli dira atsedenaldiaren ostean eta bigarren zatiko lehen minutuetan hiru abisu eman dituzte Herviasek, Ben Hamedek eta Iñigo Muñozek, baina ez dute saririk lortu. Baloia jada ez zen Barça Atleticena. Gureak 67.ean aurreratzeko zorian egon dira, Carbonellek erdiraketa ona egin ostean. Iñigo Muñozek buruz errematatu du, baina erdira atera da eta Astralagak gelditu du. Minutuek aurrera egin ahala, partidak berdinketarekin bukatuko zuela zirudien, baina talde katalanak gola sartu du 85.ean, Cedricek aldaratzea eskuratu duenean Gaizkaren geldiketa bikain baten ostean.
Hala ere, gureek borrokatzen jarraitu dute eta aulkitik irten diren jokalarien protagonismoarekin markagailua irauli dute luzapenan. 92.ean maisuki errematatu du Bertok Coulibalyren erdiraketa ona. 45 segundo geroago, Coulibalyk berak markagailua irauli du Kaxeren pasea baliatuz. 2-1ekoaren ondoren ere, gureek aukerak sortzen jarraitu dute Urritxeko zaleen bultzadaren laguntzarekin.
SD AMOREBIETA: Gaizka, Enol Coto (89’ Kaxe), Amelibia, Calavera, Camacho, Yuste (60’ Coulibaly), Ben Hamed, Carbonell, Iñigo Muñoz (89’ Berto), Hervías (71’ Mauro Bravo) eta Selma (71’ Álvaro Marín).
BARÇA ATLÈTIC: Astralaga, Trilli (49’ Xavi Espart), Mbacke, Domínguez, Unai, Rubén López (77’ Aleix Garrido), Alexis Olmedo (77’ Dacosta), Cedric, Oduro, Juan (65’ Barberá) eta Pedro.
Golak: 0-1: Min. 85; Cedric. 1-1: Min. 92; Berto. 2-1: Min. 93; Coulibaly.
Epailea: Álvaro Juncal Moreira. Yuste, Enol Coto; Oduro eta Astralaga futbolariei atera dizkie txartel horia.