SD Amorebieta

Urdinek garaipen batekin itxi dute denboraldiaurrea. 2-0 irabazi diote Urritxen Real Sportingen bigarren taldeari Alex Carbonell eta Sergio Camachoren bi gol ikusgarriekin.

Partidako lehen gola geldikako jokaldi baten ondoren iritsi da, lehen zatiaren erdialdean. Amelibiaren burukadak ez du aterik aurkitu, baina Carbonellek borroka egin du baloiak lerroa gaindi ez zezan eta, ia angelurik gabe, eskuadran ipini du jaurtiketa bikain batekin. Hortik aurrera, gureak nagusi izan dira eta atsedenaldira iritsi aurretik abantaila handitzeko aukerak izan dituzte, baina ezin izan dituzte sartu.

Aldageletatik igaro ostean, urdinek partidaren pisua eramaten jarraitu dute, baina Sporting Atletico izan da 60.ean gola sartzeko zorian egon dena. Gaizkak saihestu du geldialdi bikoitz batekin. SDAren erantzuna bikaina izan da. 66. minutuan, Camachok area kanpotik baloia jipoitu eta eskuadran sartu du 2-0ekoa jartzeko. Hirugarrena sinatzeko aukerarik argiena Marinek izan du, baina atezainak bere saiakera gogorra gelditu du.

Horrela, Julen Guerreroren taldeak hiru garaipen eta bi porrotekin amaitu du denboraldiaurrea. Hurrengo hitzordua ligakoa izango da, datorren larunbatean Gimnastica Segovianaren aurka Urritxen Lehen Federazioari hasiera emango dion norgehiagokarekin.

SD AMOREBIETA: Marino, Carbonell, Camacho, Amelibia, Kortazar,  Ben Hamed, Nakai, Hervías, Muñoz, Berto eta Kaxe. Aulkitik Gaizka, Enol Coto, Yuste, Reka, Selma, Marín, Calavera, Goiri, Bayón, Peru eta Txaber atera dira.

SPORTING ATLÉTICO: Pablo Díez, Kevin Picón, Lucas Ferreras, Javier Llaneza, Hugo Donate, Aaron Quintana, Daniel Saez, Diego Matabuena, Marcos Fernández, Cristian Acerete eta Amadou Matar. Elmo Veikko, Pablo Sánchez, Joshua Mancha, Gontzal Meaurio, Sergio Dacal, Santiago Cabrera, Alex Solís eta Luis Enrique futbolariek ere jokatu dute.

Golak: 1-0: Min. 24; Carbonell. 2-0: Min. 66; Camacho.

Epailea: Olatz Rivera Olmedo. Ben Hamed eta Amelibia SDAn, eta Kevin Picón eta Alex Solís bisitariek txartel horiak ikusi dituzte.

Compártelo