SD Amorebieta 2-0 Sestao River: Urdinak, indartsu Urritxen
Urdinek garaipena lortu dute Sestao Riverren aurkako derbian. Borroka handiko partida batean, gureak eraginkorragoak izan dira hiru puntuak eskuratzeko. Alvaro Marinek markagailua ireki du lehen zatiaren erdialdean eta Iker Rekagorrik, harrobiko jokalari zornotzarrak, azken txanpan sinatu du behin betiko 2-0ekoa.
Lehen abisua bisitariena izan da Cordobaren jaurtiketa gogor batekin. Marinok erantzun ona eman dio. Jarraian, urdinek Alvaro Marinen burukada batekin sortu dute arriskua Carbonellen erdiraketa baten ostean. Herrerinek esku salbatzaile bat sartu behar izan du. Marinek berak sinatu du 1-0ekoa 24. minutuan, Herviasek hegaletik egindako bidalketa ona aprobetxatuz. Hori izan da aukera gutxi izan dituen lehen zatiko gol bakarra. Atsedenaldira iritsi aurretik bigarrena bilatu du Carbonellek, baina zartakoa gora joan zaio.
Riverrek indartsu ekin dio bigarren zatiari, zornotzarren area inguruan. Gureei gogotsu defendatzea egokitu zaie aurkariaren hasiera horri eusteko. Minutuak aurrera joan ahala, norgehiagoka berdinduz joan da. Borroka handia eta aukera argi gutxi. Gauzak horrela, partida irekita heldu da azken txanpara. Tentsioa jaitsi egin da 85.ean, Urritxeren lasaitasunerako behin betiko 2-0ekoa iritsi denean. Golak zigilu zornotzarrra izan du. Rekak motorra martxan jarri, area barruan sartu eta Herrerin gainditu du lehen taldearekin bere lehen gola egiteko neurketa ofizialean. Txikitatik klubean dabilen 20 urteko gazte baten amets betea.
SD AMOREBIETA: Marino, Enol Coto, Amelibia, Calavera, Carbonell, Yuste, Coulibaly (61’ Ben Hamed), Mauro Bravo, Hervías (71’ Reka), Iñigo Muñoz (71’ Berto) eta Álvaro Marín (61’ Selma).
SESTAO RIVER: Iago Herrerín, Cordero (59’ Palacín), Adri Gómez, Planas (75’ Barandalla), Garai, Leandro, Etxaniz, Bustillo, Gálvez (88’ Miranda), Córdoba eta Markel.
Golak: 1-0; Min. 24; Álvaro Marín. 2-0: Min. 85; Reka.
Epailea: Millán Bárcenas Torres. Calavera; Bustillo, Gálvez, Garai eta Adri Gómez jokalariek txartel horia ikusi dute.