SD Amorebieta 2-0 Ourense CF: Lehen garaipena!
Urdinek txapelketako lehen garaipena lortu dute Urritxen Ourense CF 2-0 mendean hartuta. Lehia handiko partidan, golak atsedenaldiaren inguruan iritsi dira. Lehen zatiaren azken txanpan Alvaro Marin izan da bigarren astez jarraian atea ikusi duena. Eta bigarrenaren hasieran, Ben Hamedek zaleak altxatu ditu sekulako golarekin.
Galiziako taldeak aukera paregabea izan du norgehiagokaren hasieran aurrea hartzeko, 12. minutuan epaileak adierazitako penalti eztabaidagarriari esker. Hala ere, Marinok ederto gelditu egin du Di Renzok hamaika metroetatik egindako jaurtiketa. Ourenseren hasiera bortitzari eutsi ondoren, gureak baloiaren kontrola hartuz joan dira. Herviasek 1-0ekoa bilatu du tiro indartsu batekin, baina Marqueta atezain bisitariarekin topo egin du. Gola atsedenaldia baino lehentxeago iritsi da. Ben Hamedek Marinen desmarkerako pase izugarri bat atera eta aurrelariak zehaztasunez definitu du markagailua zabaltzeko.
Bigarren zatia ezin hobeto hasi da. Ben Hamedek 2-0ekoa sartu du zartako itzel baten bitartez. Jardunaldiko gola. Handik gutxira, hirugarrena bilatu du Herviasek, Marqueta luzatzera behartu duen jaurtiketa batekin. Ourense gora joan da eta estutu egin du aldea murrizteko helburuarekin, baina gureek sufritzen jakin dute aurkarien erasoei eusteko eta garaipena lotzeko.
SD AMOREBIETA: Marino, Carbonell (81’ Calavera), Camacho, Amelibia, Kortazar, Nakai (66’ Yuste), Ben Hamed, Coulibaly (46’ Iñigo Muñoz), Julen Jon, Hervías (66’ Berto) eta Álvaro Marín (66’ Selma).
OURENSE CF: Marqueta, Andrada (75’ Alex Gil), Hugo Sanz, Fidalgo, Jerin, Di Renzo, Alberto Gil (75’ Carbonell), Zalaya, Moisés (53’ Carmona), Ángel Sánchez (53’ Jairo) eta Fullana (53’ Josema).
Golak: 1-0: Min. 42; Marín. 2-0: Min. 50; Ben Hamed.
Epailea: Néstor Holgueras Castellanos. SDAren aldetik Selmak eta Fullana, Moisés, Andrada eta Jerin jokalariek txartel horiak ikusi dituzte.