SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute punturik lortu 2023ko azken partidan, gaurko gau euritsuan Lezaman jokatu dena Alcorconen aurka. Felixek aurretik jarri ditu Jandroren mutilak atsedenaldira iritsi baino lehen, baina madrildarrek markagailuari buelta eman diote eta saria eskuratu dute jaitsiera postuetan dauden bi talderen arteko norgehiagokan.

Partidako lehen abisua bisitariena izan da, Obi urdin ohiaren bitartez hasierako minutuetan gola egitea lortu baitute, baina gola baliorik gabe utzi dute jokoz kanpo zegoelako. Gureei kosta egiten zitzaien aurkariaren atearen ingurura arriskuz hurbiltzea eta Obi protagonista izan da berriro kanpora joan den jaurtiketa gogor batekin. Erlojua ordu erdira hurbiltzen ari zenean, urdinek Dorrioren falta jaurtiketa batekin Anacker atezaina lan egitera behartu dute. 1-0ekoa aurreko igandeko antzeko jokaldi baten heldu da. Dorriok kornerra atera eta Felixek, oraingoan buruz errematatuta, markagailua zabaldu du 34. minutuan. Abantailak gutxi iraun du, Obik berdinketa itzuli baitu 37. minutuan. Atsedenaldira aurretik joateko zorian egon da Alcorcon. Zornotzarren lasaitasunerako, Jacoboren falta jaurtiketa langara joan da. 

Bigarren zatia hasi bezain laster, Pablok geldiketa ona egin behar izan du Chikiren zartakoari erantzuteko. Lehiak aurrera jarraitu du ia berririk gabe areatan, baina 64. minutuan korner bat aprobetxatu du Victorrek 1-2koa ezartzeko. Alcorconek partida erabakita uzteko aukera izan du azken txanpan, baina ez du lortu Pabloren geldiketa bikainari esker. Norgehiagokako azken abagunea Felixek izan du eta Anackerrekin topo egin du. Hortik bukaerara arte, gureek estutzen jarraitu dute, baina ez dira aukera argiak sortzeko gai izan. Gauzak horrela, 2023ko eta lehen itzuliko azken partida porrot batekin bukatu da.

 

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez, Manu Hernando, Félix, Lasure (80’ Da Graca), Carbonell, Sibo (67’ Edwards), Dorrio, Morci (58’ Avilés), Eraso (67’ Quintero) eta Jauregi.

AD ALCORCÓN: Anacker, Castro, Jacobo (77’ Juanma), Chiki (89’ Bustos), Javi Pérez (77’ Artola), Víctor García (89’ Babin), Yan Eteki, Quintillà, Iago López, Obi (83’ Rivas) eta Chema Rodríguez.

Golak: 1-0: Min. 34; Félix. 1-1: Min. 37; Obi. 1-2: Min. 64; Víctor.

Epailea: Milla Alvendiz. Txartel horiak atera dizkie Manu Hernando, Eraso, Jauregi; Iago López, Víctor, Chema eta Jacobo futbolariei.

Partekatu