SD Amorebieta

Urdinek puntu bat lortu dute LaLiga Hypermotioneko estreinaldian, Levante UD bezalako aurkari indartsu baten aurka Lezaman jokatutako norgehiagokan. Bisitariak lehen zatian aurreratu dira, Haritz Mujikaren mutilek joko ona egin duten arren. Gureek merezitako gola lortu dute Eneko Jauregiren bitartez bigarren zatian behin betiko berdinketa sinatzeko.

Gureak izugarri entxufatuta irten dira, aurkariaren arearen inguruan jokatuz eta geldikako jokaldi ugari sortuz. Horietako batean, 13. minutuan, Etxeitaren burukada langa urratuz joan da. Handik gutxira, Jauregiren erremate indartsu batek probidentzialki desbideratu du atzelari batek. Hala ere, Levante izan da Bouldiniren bitartez estrategia jokaldi batean gola egin duena 30. minutuan. Urdinek azkar erantzun dute eta golaren bila jarraitu dute. Quintero birritan saiatu da areaz kanpotik, baina ez du lortu. Mujikaren mutilen ahalegina gorabehera, lehia 0-1 heldu da atsedenaldira.

Urdinek estutzen jarraitu dute bigarren zatian. Seguinek ezkerkada batekin probatu du, baina ez du aterik aurkitu. Lan onaren saria 65. minutuan iritsi da, Jauregik baloia sarera bidali duenean, Carbonellen jokaldi on bat aprobetxatuz. Muxikako aurrelariak eskopeta kargatuta duela erakutsi du. Zornotzarrak ez dira konformatu. Borrokan jarraitu dute garaipenaren bila. Levante ere gora joan da azken minutuetan, hiru puntuak lortzeko. Hala ere, ez batak ez besteak ez du asmatu azken metroetan eta norgehiagoka berdinketan bukatu da.

SD AMOREBIETA: Campos, Jorge Mier, Manu Hernando, Etxeita, Seguín (89’ Félix), Sibo, Carbonell (84’ Erik Morán), Quintero (63’ Dorrio), Rayco, Edwards eta Jauregi (84’ Eraso).

LEVANTE UD: Femenias, Álex Muñoz, Dela, Giorgi (70’ Rober Ibáñez), Cantero (76’ Brugué), Rubén Vezo, Postigo, Óscar (76’ Andrés García), Oriol Rey, Lozano eta Bouldini.

Golak: 0-1: Min. 30; Bouldini. 1-1: Min. 65; Jauregi.

Epailea: Arcediano Monescillo. Txartel horiak atera dizkie Postigo, Cantero eta Oriol Rey jokalariei.

Compártelo