SD Amorebieta 1-1 FC Andorra: Zati bat talde bakoitzerako eta berdinketa markagailuan

Urdinek 1-1 berdindu dute FC Andorraren aurka bi zati ezberdin izan dituen partida batean. Natxo Gonzalezen taldea hasi eta berehala aurreratu da Alvaro Marinen golarekin eta nagusi izan da lehen zatian, nahiz eta errenta handitzeko gai izan ez den. Bigarrenean, talde bisitaria hobeto atera da eta berdinketa aurkitu du Erik Moranen bitartez.
Norgehiagoka ezinhobeto abiatu da. Alvaro Marinek 3. minutuan ireki du atea, Camachok ezker hegaletik egindako erdiraketa aprobetxatuta. Gureek aurkariaren bila jarraitu dute. Camacho Ratti ezustean harrapatzeko zorian egon da jaurtiketa gurutzatu batekin, eta Iñigo Muñozen bi saiakera langaren gainetik joan dira. Andorrak ere aukera ona izan du, baina Marinok eskuarekin erantzun dio Juandaren jaurtiketari. Urdinen presio onak aurkariaren zelaian hainbat lapurketa eragin ditu, baina ezin izan diete etekinik atera abantaila handitzeko. Horrela, partida zornotzarren aldeko 1-0ekoarekin iritsi da atsedenaldira.
Aldageletatik igaroteak on egin dio kanpoko taldeari, baloia eskuratu eta urdinak zokoratu baititu. Gureak gogor defendatzen ziren aukera argirik ez emateko. Lautarok izan du berdinketa 70.ean, baina jaurtiketa gora joan da. 1-1ekoa handik gutxira iritsi da, 73.ean, korner batean. Berdinketa Erik Moran urdin ohiak sinatu du. Golaren ostean, Andorraren nagusitasuna eten egin da, eta partidak berdinduta jarraitu du, bi taldeek abisuak emanez, baina ez dira nahikoa izan berdinketa hausteko.
SD AMOREBIETA: Marino, Amelibia, Yuste, Kortazar, Hervías (46’ Carbonell), Camacho, Masllorens, Javi Sola (89’ Coulibaly), Iñigo Muñoz (77’ Vicandi), Selma (77’ Kaxe) eta Álvaro Marín (68’ Eric).
FC ANDORRA: Ratti, Juanda, Nieto, Lautaro, Villahermosa, Molina, Álvaro Peña (46’ Almpanis), Bomba, Diego Alende, Casadesús (46’ Erik Morán) eta Iván Rodríguez (46’ Trigueros).
Golak: 1-0: Min. 3; Álvaro Marín. 1-1: Min. 73; Erik Morán.
Epailea: Monterrubio Torres. Txartel horia atera di Camacho; Álvaro Peña, Nieto eta Erik Morán jokalariei.