SD Amorebieta 1-1 CA Osasuna B: Nahikoa ez den puntua

Urdinek ezin izan dute garaipena lortu gaur Urritxen Osasuna Promesasen aurka jokatutako partidan, jardunaldia hasi aurretik salbazio postuak ixten zituen taldea. Gidoia joan den igandean Andorraren aurka jokatutako norgehiagokaren antzekoa izan da. Izan ere, Natxo Gonzalezen mutilek gola sartu dute hasi eta berehala eta bigarren zatiaren erdialdean behin betiko 1-1ekoa heldu da. Azken bultzada ez da nahikoa izan 3 puntuak eskuratzeko.
Joan den astean bezala, urdinek 3. minutuan aurrea hartzea lortu dute. Gureek bi korner kateatu dituzte hasi bezain laster. Lehenengoan, abisatu egin dute. Selmak Yusteren burukadaren ostean egindako erremateak ez du aterik aurkitu. Bigarrean, Amelibiak gola sartu du burukada itzel batekin Camachoren bidalketa on baten ondoren. Kanpoko taldeak ondo erantzun du eta gora egin du berdinketaren bila, zornotzarrak defentsa lanetan buru-belarri aritzera behartuz errenta mantentzeko. Hala ere, urdinak berriro luzatu dira eta hainbat arrisku abagune eragin dituzte. Alvaro Marinek ez du asmatu zutoinen artean Enol Cotoren erdiraketa baten ostean, eta handik gutxira sukalderaino sartu da Coto, baina Stamatakis atezainak geldiarazi du bere erdiraketa. Ben Hamedek ere Arroyo bisitariak gelditu duen zaratako batekin probatu du. Urdinek arerioaren atetik gertu amaitu dute lehen zatia, baina lehia 1-0ekoarekin joan da atsedenaldira.
Bigarren zatia berdinduta hasi da, baloi bakoitzeko borroka handiarekin. Hala ere, Osasuna Promesas izan da arrisku gehiago sortzen hasi dena. Marinok hegan egin du Xabik area kanpotik egindako jaurtiketari erantzuteko. 1-1ekoa 67an iritsi da, Espejok buruz bukatutako geldikako jokaldi batean. Urdinei kosta egin zaie erreakzionatzea berdinketa jaso eta gero, baina azkenean heldu da. Masllorensen eta Amelibiaren misilek ez dute saririk aurkitu eta Vicandik epaileak aintzat hartu ez duen penaltia eskatu du. Azken minutuetan gureek gorritxoen bigarren taldea zokoratu dute, baina ez dute 2-1ekoa sartzeko modurik aurkitu.
SD AMOREBIETA: Marino, Amelibia, Yuste, Kortazar, Enol Coto (83’ Hervías), Camacho (83’ Eric), Masllorens, Javi Sola (75’ Iñigo Muñoz), Ben Hamed, Selma (63’ Vicandi) eta Álvaro Marín (63’ Kaxe).
OSASUNA PROMESAS: Stamatakis, Garriz (46’ Pedroarena), Mauro, Osambela, Xabi, Sixtus (74’ Dani Sancho), Espejo, Arroyo (60’ Anai), Jon García (74’ Lorenzo), Arguibide eta Sierra.
Golak: 1-0: Min. 3; Amelibia. 1-1: Min. 67; Espejo.
Epailea: De Ena Wolf. Txartel horiak atera dizkie Yuste, Marín, Enol Coto, Camacho; Garriz eta Osambela jokalariei.