SD Amorebieta 1-0 Real Unión: Hirugarren garaipena jarraian Urritxen

Urdinek merezitako garaipena lortu dute Urritxen, hirugarrena jarraian etxean, Real Unioni 1-0 irabazita ligako 26. jardunaldiko partidan. Natxo Gonzalezen mutilek azken minutuetara arte kontrolpean izan duten partida honetako gol bakarra Kaxek egin du burukada indartsu batekin, Camachok erdiraketa bikaina jarri ostean.
Gureak nagusi izan dira hasieratik eta norgehiagokako lehen aukera berehala iritsi da. Ben Hamedek izan du 2. minutuan, jaurtiketa gurutzatu batekin. Ondoren, Camachok zartako batekin saiatu da, baina erdira atera da. Urdinen hasiera onak bere fruituak eman ditu 13. minutuan. Camachok ederto erdiratu du eta Kaxek atezaina gainditu du burukada ikusgarri batekin. Abantailarekin, SDAk kontrola izaten jarraitu du. Kaxe bigarrena egitear egon da atsedenaldia baino lehen, Herviasen barnekaldi on baten ondoren, baina errematea kanpora joan da. Horrela, 1-0 iritsi da lehia atsedenaldira.
Real Unionek aurrerapausoa eman du aldagelatik igaro ostean eta jokoa parekatuagoa izan da bigarren zatiaren hasieran. Erlojua aurrera zihoan, txandakako nagusitasunarekin eta areatan nabarmentzeko aukerarik gabe. 60.ean, Kaxek berriz ere atea ikustea lortu du, baina gola baliorik gabe geratu da jokoz kanpo adierazi dutelako. Azken txanpan bisitariak gora joan dira eta neurketa zoratu da. 90.ean, Yustek atepean atera du baloia eta, hurrengo jokaldian, Marinok berdinketa eragotzi du gelditu bikaina eginda. 2-0ekoa ere izan du Ericek, baina ez du asmatu zutoinen artean. Azkenengo sufrimenduarekin partida bikaina jokatu ondoren, baina 3 puntuak Urritxen geratu dira.
SD AMOREBIETA: Marino, Amelibia, Yuste, Kortazar, Camacho (90’ Javi Sola), Hervías (74’ Carbonell), Ben Hamed, Masllorens, Iñigo Muñoz (74’ Eric), Selma (90’ Álvaro Marín) eta Kaxe (74’ Vicandi).
REAL UNIÓN CLUB: Wright, Olaortua, Domínguez (67’ Santos), Quintana (46’ Puig), Aranzabe, Iker Bilbao (67’ Rivero), Obi, Vidorreta, Eimil (67’ Dani Garrido), Sergio Benito eta Munroe (79’ Asier Benito).
Gola: 1-0: Min. 13; Kaxe.
Epailea: Ortega Herrera. Txartel horia atera die Kortazar, Amelibia, Masllorens eta Marín SDAko jokalariei; eta Munroe, Vidorreta eta Olaortuari Real Unionen aldetik.