SD Amorebieta 1–0 CD Eldense: Indar erakustaldia eta garaipena liderraren contra
Urdinek liderrari, Club Deportivo Eldenseri, irabazi diote gaur Urritxen jokatu den Lehen Federazioko 31. jardunaldiko partidan. Haritz Mujijkaren mutilak hobeak izan dira hasieratik bukaerara, eta merezitako garaipena lortu dute igotzeko hautagaitza erakusten jarraitzeko. Gure jokalariek emaitza mardulagoa lortzeko abaguneak sortu dituzten arren, neurketako gol bakarra Rayco Rodriguezek sinatu du bigarren zatiaren hasieran.
Gureak nagusi atera dira, aurkaria baino indartsuago. Izan ere, urdinek abagune bikaina izan dute 6. minutuan, Jauregik area barrutik erremate gogor bat egin eta Vallejoren geldiketa onarekin topo egin duenean. Zornotzarrek estutzen jarraitu dute, eta markagailua irekitzeko zorian egon dira 15ean. Jauregiren eta Vallejoren arteko lehia errepikatu da, eta atezaina berriro irabazle atera da. Atezainak min hartu du ekintza horretan eta Stamatakisek ordezkatu behar izan du. Atezain berriari probatzen lehena Ewan izan da, baina azkenean jokaldia baliorik gabe geratu da, jokoz kanpo zegoelako.
Lehen zatiko erdialdea gaindituta, indarrak berdindu egin dira. Bi taldeak sendo eta serio agertu dira, eta erlojuak aurrera egin du aukera nabarmenik gabe bi areatan. Panorama aldatu egin da lehen zatiaren azken uneetan, non Haritz Mujikaren mutilek ederki estutu dute. 42.ean Yriarte izan da langa gainetik joan den jaurtiketa bortitza egin duena. Eta 45a gaindituta, 1-0ekoa sartzeko zorian izan da Antxon burukada eder batekin. Stamatakisek saihestu du geldiketa bikain batekin.
Aldageletatik igarotzeak ez du gidoia aldatu. Urdinak ondo atera dira eta merezitako gola 54. minutuan heldu da. Raycok, minutu batzuk lehenago langetaren gainetik jaurti ondoren, markagailua ireki du lehen zutoinera egindako tiro on baten bidez. Handik gutxira Raycok berak bigarrena bilatu du atezainak gelditu duen bolea batekin.
Haritz Mujikaren mutilek kontrolpean izan dute lehia amaierara arte. Liderrak ezin izan du aukerarik sortu partida osoan eta emaitza motz geratu da, gureek aukerak sortzen jarraitu baitute azken unera arte. Argienak Edwardsek eta Yriartek izan dituzte azken txanpan, baina 1-0ekoa ez da mugitu.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Etxeita, Antxon, Seguín, Sibo, Yriarte, Dorrio (71’ Buján), Rayco (88’ Julen Jon), Ewan (71’ Ewan) eta Jauregi (84’ Pradera).
CD ELDENSE: Vallejo (21’ Stamatakis), Toni Abad, Álex Martínez, Pardo (60’ Pedro Capó), S. Ortuño, Soberón, Nieto (70’ Carnicer), Carlos Hernández, Núñez (60’ J. Ortuño), Diego González eta Clemente (46’ Correia).
Gola: 1-0: Min. 54; Rayco.
Epailea: Mallo Fernández. Txartel horiak atera dizkie Clemente, Carlos Hernández eta Soberón jokalariei.