SD Amorebieta 0-2 Zamora CF: Akatsek beste porrot bat eragin dute Urritxen

Taldearen akatsek, kanpoko beste akats batzuez gain, beste porrot bat eragin dute. Oraingo honetan, urdinek 0-2 galdu dute Zamoraren kontra Urritxen jokatutako Lehen Federazio Mailako 33. jardunaldiko lehian.
Lehia oso bizia abiatu da. Lehenik eta behin, Urdinek bi aukera on izan dituzte hasi bezain laster. 2. minutuan, Fermin atezainak Herviasen jaurtiketa gurutzatua gelditu du. 3.ean, Iñigo Muñoz angelurik gabe geratu da buruz burukoan gola sartzeko. Ondoren, Zamora izan da zutoina jo duen Kike Marquezen area ertzetik egindako jaurtiketa baten bidez gola egiteko zorian egon dena.
SDAren hasiera on baten ondoren, Zamora Marinoren area inguruan estutzen hasi da. 25. minutuan, talde bisitariak gola sartu du Pito Camachoren bitartez, baina baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako. Minutu batzuk geroago, Marinok geldiketa ona egin du gola sahiesteko.
Lehen zatiko azken txanpan, SDAri kalte egin dioten bi erabaki heldu dira. Atsedenalditik hamar minutura, Zamorak hamarrekin geratu behar izan da Carlos Gutierrezek Vicandiri egindako falta baten ondorioz, atezainaren aurrean bakarrik geratzen baitzen. Bertaratutako guztien harridurarako, epaileak horia baino ez dio erakutsi. Gainera, 0-1ekoa azaltzeko zaila den beste erabaki baten ondoren iritsi da. Izan ere, epaileak txilibitua ahora eraman du Ben Hamedi egindako falta bat adierazteko, baina azken unean damutu egin da. Zamorak kontraerasoa sortu eta gola egin du Tresacoren bitartez.
Urdinak berdinketaren bila bueltatu dira aldagelatik. Ben Hamedek gertu izan du buruz, baina burukada erdira joan da. Aukera argiagoa izan da 55.ean, epaileak SDAren aldeko penalti bat adierazi duenean. Herviasek hartu du jaurtitzeko ardura eta Ferminen geldiketa onarekin topo egin du. 0-2koa egiteko bai asmatu duena Zamora izan da 65.ean, urdinen zorigaiztoko beste ekintza bat aprobetxatuz. Hortik aurrera, Unax Benitok, bigarren taldeko aurrelariak, partida ofizialean egindako debuta izan da albisterik onena. Gainera, joan den asteburuan Lezaman jokatu zuen Azkuna gaztea Urritxen estreinatu da.
SD AMOREBIETA: Marino, Calavera, Amelibia, Yuste, Hervías (78’ Enol Coto), Eric (78’ Mauro Bravo), Ben Hamed, Coulibaly (59’ Selma), Javi Sola (84’ Azkuna), Iñigo Muñoz eta Vicandi (84’ Unax Benito).
ZAMORA CF: Fermín, Sergio Nieto, Clavería, Jose Carlos, Pito Camacho (72’ Álvaro Romero), Carlos Ramos, Kike Márquez (80’ Frimpong), Rufino (80’ Joel Priego), Carlos Gutiérrez, Tresaco (90’ Castañeda) eta Campabadal (90’ Gorjón).
Golak: 0-1: Min. 42; Tresaco. 0-2: Min. 65; Tresaco.
Epailea: Manuel Pozueta Rodríguez. Eric; Rufino, Carlos Gutiérrez, Tresaco, Kike Márquez eta Frimpong jokalariei txartel horia atera die.