SD Amorebieta

Urdinek 0-1 galdu dute Burgosen aurka gaur gauean Lezaman jokatutako LALIGA Hypermotioneko 18. jardunaldiko partidan. Zoriak bizkarra eman dio Haritz Mujikaren taldeari, minutuak aurrera egin ahala hobetzen joan dena. Atsedenaldiaren atarian iritsi da neurketako gol bakarra. Felixek bere atean sartu du azkenean erabakagarria izan den 0-1ekoa, Fer Niñoren jaurtiketa desbideratzen saiatu denean. Gureek berdinketa lortzeko aukerak izan dituzte, batez ere bigarren zatian, baina ezin izan dute Caro inspiratu bat gainditu.

Espero zen bezala, Burgos intentsitate handiarekin sartu da norgehiagokara, erasokor presioan eta indartsu lehia guztietan. Gureen lehen abisua Sibok eman du 10. minutuan, kanpora joan den area ertzetik egindako jaurtiketa baten bitartez. Erlojuak aurrera jarraitu du eta inor ez zen nagusitzen berdegunean. Urdinek abagune oso argia izan dute 28an Dorrioren bidez. 7ak Lasureren erdiraketa jaso du eta bere saiakera zutoinetik gertu joan da baloiak atzelari baten ukitu ondoren. Segituan erantzun du Burgosek Pablok gelditu duen Borjaren eskuinkada batekin. Hasierako 0-0ekoarekin partida atsedenaldira iritsiko zela zirudienean, 44. minutuan lortu du talde bisitariak markagailua desorekatzea, zoritxarreko jokaldi batean. Fer Niñok atea bilatu du tiro gurutzatu batekin eta Felixek baloia bere atean sartu du arriskua urruntzen saiatu denean.

Aldageletatik igaro ostean, Burgosek aukera ona izan du bigarren zatiaren hasieran. Zorionez, Pablok Dani Ojedaren saiakera gelditu du. Urdinek erreakzionatu dute eta 57.ean gola sartzeko zorian izan dira Lasureren ezkerkada batekin. Carok hegaz egin eta larrua desbideratu du, eta hala ere aterantz jarraitu du. Langaren azpian Elgezabal agertu da, burua sartu eta berdinketa saihesteko. Jarraian, Ojedaren jaurtiketa batek zutoinean jo du. Norgehiagokak erritmo biziarekin segitu du. Quinterok 64.ean bilatu du gola kolpe eder batekin, baina baloia sareareren albo batera joan da. 

Gureek estutzen jarraitu dute berdinketaren bila. Quintero eta Dorrioren beste bi saiakera kanpora atera dira. 1-1eko egiteko zorian izan da Jauregi 81ean zaelak eserlekuetatik altxatu dituen burukada itzel batekin, baina Carok geldiketa ikusgarria egin dio. Urdinek ez dute amore eman, borrokatzen segitu dute. Hala ere, etengabe saiatu arren, ez dute saririk lortu bigarren astez jarrain.

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez, Manu Hernando, Gayà, Félix (79’ Da Graca), Lasure, Erik Morán (59’ Carbonell), Sibo, Dorrio (79’ Rayco), Morci (46’ Quintero) eta Avilés (59’ Jauregi).

BURGOS CF: Caro, Borja, Dani Ojeda (72’ Martín), Fer Niño (72’ Edu Espiau), Álex (85’ Appin), Elgezabal, Curro, Córdoba, Grego, Mumo (62’ Atienza) eta Matos (85’ Bermejo). 

Gola: 0-1: Min. 44; Félix, bere atean.

Epailea: Galech Apezteguia. Txartel horiak atera dizkie Félix y eta Haritz Mujika entrenatzaileari.

Partekatu