SD Amorebieta 0-0 FC Cartagena: Golik gabeko berdinketa Lezaman
Urdinek golik gabeko berdinketa sinatu dute gaur arratsaldean FC Cartagenaren aurka jokatutako LaLiga Hypermotioneko 8. jardunaldiko partidan. Haritz Mujikaren mutilak nagusi izan dira neurketaren fase askotan zehar, baina aukerarik argienak bisitariek izan dituzte bigarren zatiaren hasieran.
Gureak ondo sartu dira partidara eta lehen abisua eman dute. Quintero izan da aterik aurkitu ez duena area ertzetik egindako jaurtiketarekin. Norgehiagokak berdinduta jarraitu du, ia arriskurik gabe bi taldeen ahaleginak gorabehera. Atzelariak erasotzaileei gailentzen zitzaizkien. Atsedenaldia baino hamar minutu lehenago, Dorriok jardunaldiko gola bilatu du, erdiratuta atera den txilena batekin. Saiatzen jarraitu dute gureek, lehen zatiko azken txanpan saria lortzetik gertu egon dira Edwardsen barnekaldi bikain baten ondoren, baina ez Da Gracak ez Quinterok ezin izan dute errematea gol-ahoan konektatu.
Bigarren zatia hasi bezain laster Cartagena izan da abagune argi bi izan dituena: Caleroren zartakoa langaren kontra joan da eta Luis Muñozena, zutoinera. Bi susto horien ostean, urdinek partidaren gidaritza hartu dute berriro eta erasotzen jarraitu dute, markagailua irekitzeko asmoz. Hala ere, erlojuak aurrera egin du Marc Martinez atezaina estu hartu ezinik. Luzapenean, bisitariek baloia sareratzea lortu dute, baina Umaro jokoz kanpo zegoen eta gola baliogabetu dute epaileek. Gauzak horrela, lehia hasierako markagailuarekin eta puntu banaketarekin bukatu da.
SD AMOREBIETA: Campos, Álvaro Núñez, Manu Hernando, Gayà (85’ Morci), Lasure, Erik Morán, Sibo (56’ Carbonell), Quintero (56’ Rayco), Dorrio, Edwards (68’ Eraso) eta Da Graca (68’ Jauregi).
FC CARTAGENA: Marc Martínez, Alcalá, Verdú (79’ Fontán), Luis Muñoz, Ortuño (83’ Jony), Héctor (65’ Jansson), Juan Carlos Real (65’ Mikel Rico), Narváez (79’ Umaro), Calero, Musto eta Arnau Solà.
Epailea: De la Fuente Ramos. Txartel horiak atera dizkie SDAko Sibo eta Gayà jokalariei; eta Cartagenako Musto eta Arnau Solà jokalariei.