Logotipo centenario SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute bosgarren garaipena jarraian lortu Urritxen, bost partidetatik bisitari gisa hiru irabaztetik zetorren Alaves Bren aurka berdindu ondoren. Bi taldeek aurkaria neutralizatzen jakin dute abagune gutxiko lehian. SDAren aldetik aukera onenak azken txanpan iritsi dira, baina norgehiagoka golik gabe amaitu da. Hirugarren aldiz jarraian atea atea hutsean utzi dute Aitor Zulaikaren mutilek, defentsa lanetan sendotasun handia erakutsiz.

Lehen zatia berdinduta eta abagune argirik gabe igaro da. Kanpoko taldeak baloiaren jabe izan da tarte gehiagotan, baina gureek ez dute zulorik utzi. Zornotzarren abisuak ere gutxi izan dira, atsedenaldiaren aurreko azken ekintzetako batean Zorrillak hegaletik jokaldi ikusgarria egin duen arte. Bere jaurtiketa atezaina ezustean harrapatzetik gertu egon da eta estutasunez aldentzea lortu du.

Euria agertu da, baina gidoia ez da asko aldatu aldageletatik igaro ostean. Defentsek nagusi jarraitzen zuten. Alaves B-k abisua eman du geldikako jokaldi baten, baina Altamirak arazorik gabe harrapatu du. Amaierarako ordu laurden falta zenean, babazorroen filiala markagailua irekitzeko zorian egon da, Izeik area ertzetik egindako jaurtiketak zutoina jo baitu. Azken txanpan iritsi dira SDAren aukerarik onenak garaipenaren bila. Etxaniz eta Odeiren erremateak 1-0ekoa suposatzetik gertu egon dira. Argiagoa izan da Entrecanalesena, bere burukada atepetik atera baitu defentsa batek 90. minututik gertu.

SD AMOREBIETA: Altamira, Ceballos (59’ Asier Sánchez), Entrecanales, Odei, Castañeda, Mendibe, Fausto Tienza (66’ Marouane), Arzalluz (59’ Arratibel), Hodei Rodríguez, Zorrilla (82’ Reka) eta Torrico (66’ Etxaniz).

ALAVÉS B: Gregoire Stainlas, Egoitz Muñoz, Carlos Ballestero, Xanet Olaiz, Alberto Moreno (57’ Carlos Viso), Juan Manuel López (68’ Izei Hernández), Lander Pinillos, Paco Sanz, Iván Garrido (57’ Ander Varona), Aitor Mañas (89’ Andoni Arzak) eta Diego Morcillo.

Epailea: Adrián Vega. Txartel horiak: Fausto Tienza, Arzalluz, Arratibel eta Entrecanales SDA-ren aldetik; eta Alaves B-ko Iván Garrido, Paco Sanz, Egoitz Muñoz, Carlos Viso eta Lander Pinillos.

Compártelo