Real Valladolid CF 2-1 SD Amorebieta: Lehen zati on bat ez da nahikoa punturen bat lortzeko José Zorrillan
Urdinek Jose Zorrillan galdu dute, Lehen Mailara bueltatzeko hautagai argia den Real Valladoliden zelaian. Haritz Mujikaren mutilek lehen zati bikaina egin dute eta horrek abantaila hartzeko balio izan die Manu Hernandoren golari esker. Hala ere, egoera aldatu egin da atsedenaldiaren ostean eta etxeko taldeak markagailua iraultzea lortu du geldikako bi golekin: Juricek 54.ean eta Salazarrek 86.ean.
Ondo sartu dira neurketara gureak eta zenbait abisu egin dituzte hasierako minutuetan. Morciren erremateak Dorrioren barneraldi azkar baten ondoren atzelari baten gorputzarekin topo egin du eta Avilesek jaurtitako falta bat langatik gertu joan da. Gureek eskuin hegaletik min egiteko zuloak aurkitzen jarraitu dute. Nuñezen erdiraketa bat Lasurek errematatu du, behartu samar, beste bandatik sartuz, baina Masipek baloia geldiarazi du. Askoz argiagoa izan da 34. minutuan izan duten abagune bikoitza. Avilesek Nuñezen beste zerbitzu on bat harrapatu du gol-ahoan eta Masipen geldiketa bikainak gola sahiestu du. Baloia area barruan geratu da eta iristen lehena Morci izan da, baina bere jaurtiketa atzelari batek estali du.
Urdinen ekinak saria lortu du 37. minutuan, Morcik atera duen korner batean. Manu Hernandok burukada itzela egin du markagailuan 0-1ekoa jartzeko. Mororen bitartez erreakzionatzen saiatu da Valladolid, baina honek ezin izan du Magunagoitia gainditu bi aukeratan. Gauzak horrela, lehen zati bikain baten ostean, gureek abantailarekin heldu dira atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran berriz berdindu da markagailua. Escuderoren hegaleko sakea aprobetxatuz, Juricek beste inork baino gehiago egin du salto eta baloia orraztu du ate barrura bidaltzeko. Gidoia aldatu egin da lehen zatikoarekin alderatuta, orain Valladolid hobeto baitzegoen berdegunean. Hala ere, urdinek ondo defendatu dute eta erlojuak aurrera egin du abagune argirik gabe. Norgehiagoka puntu banaketara zuzenduta zegoela zirudienean, 86. minutuan geldikako jokaldi berri batean, Salazarrek markagailua irauli du.
REAL VALLADOLID: Masip, Luis Pérez, Torres, Boyomo, Monchu (90’ De la Hoz), Moro (90’ Tunde), Escudero, Juric, Anuar (68’ Lucas Rosa), Kenedy (73’ Joni Montiel) eta Cedric (46’ Salazar).
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez (46’ Jorge Mier), Manu Hernando, Gayà, Félix, Lasure, Sibo, Carbonell (62’ Erik Morán), Dorrio (62’ Edwards), Morci (81’ Quintero) eta Avilés (46’ Jauregi).
Golak: 0-1: Min. 37; Manu Hernando. 1-1: Min. 54; Juric. 2-1: Min. 86; Salazar.
Epailea: Sánchez López. Txartel horiak atera dizkie Valladolideko Escuderori eta SDA-ko Núñez, Gayà eta Mier jokalariei.