SD Amorebieta

Futbolean, barkatzen duenak ordaindu egiten duela esan ohi da. Eta horrela gertatu da gaur Reale Arena zelaian, non urdinek Real Sociedad B-ren aurka 2-1 galdu dute LaLiga SmartBankeko 37. jardunaldiko derbian. Haritz Mujikaren mutilek hasiera bortitza burutu dute eta dozena erdi aukera benetan argiak sortu dituzte. Hala ere, ez dute golaren bidea aurkitu eta Donostiako taldea, punteria gehiagorekin, 2-0 irabazten heldu da atsedenaldira. Guruzetaren gol batek bigarren zatiaren hasieran itxaropena eman die gureei. Bukaerara arte borrokatu dute. Horren erakusle, 89an Oscar Gilek langara bidali duen errematea eta Orozkok luzapenean izan duen abagune garbia, baina ezin izan dute punturik lortu.

Zornotzarrak hobeto sartu dira partidura. Izan ere, bakarrik Zubiaurre atezainaren geldiketa ikusgarriek saihestu dute gure jokalariek markagailuan abantaila garrantzitsua lortzea derbiaren lehenengo minutuetan. Lehenengo abagunea Iker Bilbaok izan du, atezainaren oinekin topo eginda. Jarraian, Obi eta San José izan dira beste bi aukera garbietan gainditu ezin izan dutenak. Gure taldeak gogotsu jarraitu du. 20an, penaltia egin diote Guruzetari. Aurrelariak hartu du jaurtitzeko ardura, baina Zubiaurre berriz ere bikain aritu da eta jaurtiketa gelditu du. Guru goletik gertu egon da berriro minutu pare bat geroago, bere erremateak langan jo duenean. Larra ere saiatu da gutxigatik kanpora joan den tiro gurutzatu batekin 26. minutuan.

Urdinen hasiera zoragarriak ez du saririk izan eta Sansek sari hori aurkitu du 38an, bere lehen saiakera aipagarrian: donostiarrek markagailua ireki dute Navarroren erdiraketa aprobetxatu duen Solaren bitartez. Hori gutxi balitz, Xabi Alonsok zuzentzen duen taldeak abantaila handitu du atsedenaldira iritsi aurretik, Roberto Lopezek 2-0ekoa sartu baitu penaltiz 45ean.

Zornotzarrek ez dute amore eman. Hala erakutsi dute aldagelatik igaro ondoren. 54. minutuan, Guruzetak aldea murriztu du Obik, Larrak eta Iker Bilbaok burututako jokaldi on baten ondoren. Urdinek erasoan jarraitu dute berdinketaren bila. Iker Bilbao gertu izan da birritan partidaren lehen ordua pasata, baina bere saiakerak Zubiaurrek aldaratu ditu. Larrak ere bilatu du eta bere bolea gora joan da, San Josek area ertzetik egindako jaurtiketa bezala. 2-2koa heltzeko zorioan egon da 89an, Oscar Gilen erremateak langan jo duenean. Zornotzarrek borrokan jarraitu dute azken unera arte eta Orozkok beste aukera bat izan du luzapenean, baina baloia ate gainetik atera da.  

REAL SOCIEDAD B: Zubiaurre, Sola (76’ Blasco), Arambarri, Clemente, Gómez, Turrientes, Roberto López (71’ González de Zarate), Olasagasti, Alkain (71’ Djouahra), Navarro (46’ Martín) eta Karrikaburu (59’ Lobete).

SD AMOREBIETA: Santamaría, Larra (82’ Etxaburu), Óscar Gil, Nolaskoain, Irazabal, Andoni López, San José, Javi Ros (74’ Aldalur), Iker Bilbao (67’ Olaetxea), Guruzeta (82’ Orozko) eta Obi (74’ Unzueta).

Golak: 1-0: Min. 38; Sola. 2-0: Min. 45; Roberto López. 2-1: Min. 54; Guruzeta.

Epailea: González Francés. Txartel horiak atera dizkie Arambarriri (Real Sociedad B); eta Irazabal eta Santamaría futbolariei SDAren aldetik.

Compártelo