Real Sociedad B 2-0 SD Amorebieta: Urdinek porrota jaso dute Zubietan
Urdinek ezin izan dute punturik lortu Real Sociedad B-ri egindako bisitan gaur gauean Zubietan jokatutako neurketan, liga txapelketako 16. jardunaldikoa, 2-0eko markagailuarekin galdu ostean.
Lehenengo abisua partida hasi eta berehala eman dute gure jokalariek: Herviasen zartakoak Fraga atezaina hegan egitera behartu du 2. minutuan. Sansek baloiaren jabetza hartu du, baina urdinak sendo ari ziren defentsa lanetan talentu handiko arerio adoretsuari eusteko. Hala ere, etxekoek zuloa aurkitu dute 34. minutuan. Azkar atera dute hegaletik eta Orobengoak 1-0ekoa egin du. Emaitza horrekin iritsi dira norgehiagoka atsedenaldira.
Donostiarrek abantaila handitu dute bigarren zatiaren hasieran. Baldak baloia eskuadrara bidali du areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitz batekin. Gureek aukera ezin hobea izan dute 60an aldea murrizteko, Iñigo Muñozi egin dioten penalti baten bitartez. Hala ere, Fragak Alvaro Marinen jaurtiketa gelditu du. SDAk ez du amore eman eta gola bilatzen jarraitu du. Aukera argiena Mauro Bravok izan du 85ean, baina ezin izan du atezaina gainditu buruz burukoan.
REAL SOCIEDAD B: Fraga, Balda, Lebarbier (63’ Eder García), Orobengoa (88’ Osazuwa), Goti (88’ Eceizabarrena), Ochieng (81’ Ramírez), Peru Rodríguez, Merino, Beitia, Carbonell eta Marchal (63’ Mikel Rodríguez).
SD AMOREBIETA: Marino, Enol Coto, Amelibia, Calavera, Mauro Bravo, Carbonell, Yuste (67’ Nakai), Coulibaly (46’ Ben Hamed), Hervías (76’ Berto), Iñigo Muñoz (76’ Kaxe) eta Álvaro Marín (67’ Selma).
Golak: 1-0: Min. 34; Orobengoa. 2-0: Min. 54; Balda.
Epailea: Francisco Crespo. Rodríguez, Orobengoa, Eceizabarrena; Coulibaly, Calavera eta Ben Hamed jokalariek txartel horia ikusi dute.