SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute punturik lortu Real Racing Cluben aurka jokatu duten LaLiga Hypermotioneko 5. jardunaldiko partidan. El Sardinerok partida parekatua ikusi du. Kantabriarrak oso goiz aurreratu dira eta gureen erasoak geldiarazten jakin dute. Esfortzu handia egin dute golaren bila, baina ez da posible izan. Etxetik kanpo bi norgehiagoka jokatu ondoren, hurrengoa Lezaman izango da, datorren igandean CD Mirandesen aurka.

Partida ez da ondo hasi. Izan ere, Racing hobeto zelairatu da eta 10. minutuan aurrea hartu du Andres Martinen bitartez, Magunagoitiaren aurkako buruz burukoan ez baitu barkatu. Pixkanaka, gureak hobetzen joan dira, baloi jabetza luzeekin. Nuñezek eta Dorriok eskuinetik egindako erdiraketekin min egin nahi izan dute, baina ez zegoen Ezkieta arazoetan jartzeko modurik. Dorrio saiatu da erdiratuta atera den area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Racingi ere kosta egin zaio 1-0etik aurrera aukerak sortzea. Aipagarria izan den bakarrean, Magunagoitiak eskularrua sartu du Aranaren jaurtiketa desbideratzeko, baina jokaldia baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako. Horrela, Santanderreko taldearen aldeko abantaila txikiarekin joan da norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren zatiko lehen aukera Racingek izan du, epaileek Etxeitari egindako falta bat ez adierazi eta gero sortutako kontraeraso batean. Vicenteren jaurtiketak langan jo du. Urdinek berdinketaren bila jo dute eta aurkitzear izan da Dorrio falta jaurtiketa batekin. Partidako albiste txarrenetako bat Javier Avilesen lesioa izan da. Zelaira sartu eta gutxira lurrera bota dute eta sorbaldan min hartu du, berdegunetik irtetzera behartuz.

Urdinak berdinketa lortzetik gertu egon dira 77.ean Carbonellen zartako baten bidez. Ezkietaren geldiketa on batekin egin du topo. Jarraian, Morciren oso gutxigatik errematatu Da Graca debutariak ate aurrean. Haritz Mujikaren mutilek ez dute amore eman eta azken unera arte borrokatu dute, baina ez dute saririk lortu El Sardineron. 

REAL RACING CLUB: Ezkieta, Mantilla, Saúl, Germán, Iñigo (87’ Grenier), Arana (59’ Ekain), I. Vicente, Andrés (74’ Yeray), Rubén Alves, Peque (59’ Sangalli) eta Aldasoro.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez, Etxeita, Manu Hernando, Félix, Carbonell, Sibo (78’ Erik Morán), Dorrio, Rayco (59’ Morci), Eraso (78’ Da Graca) eta Jauregi (59’ Avilés; 66’ Quintero). 

Gola: 1-0: Min. 10; Andrés. 

Epailea: González Díaz. Txartel horiak atera dizkie etxeko taldeko  Rubén, Arana, Germán eta Sangalli jokalariei; eta SDA-ko Núñez eta Sibori.

Compártelo