SD Amorebieta

Urdinek beste porrot bat jaso dute Lezamatik urrun, oraingoan gaur gauean Racing Club de Ferrolen zelaian jokatutako partidan, LaLiga Hypermotioneko 9. jardunaldiko neurketan. Lehia parekatu bateko gol bakarra Carlos Vicentek sinatu du lehen zatiko azken txanpan. Haritz Mujikaren mutilek ez dute gehiegi itxaron beharko bide onera itzultzen saiatzeko, igande honetan Eibarren bisita izango baitute zilarrezko mailako euskal derbian.

Gureak, gaur hirugarren ekipazioa estreinatu dutenak, kolore gorrikoa, ondo sartu dira A Malatara, oroitzapen ederreko estadioa, han irabazi baitzuten Lehen Federazioko txapeldunen garaikurra joan den ekainean. Lehen abisuak Morcik eman ditu. 8. minutuan Canteroren geldiketa onarekin topo egin du eta, bi minutu geroago, ez du aterik aurkitu gutxigatik area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Norgehiagokak berdinduta jarraitu du, aukera handirik gabe. Jauregi Morciren erdiraketa bat errematatzeko zorian egon da ate aurrean, baina ez da iritsi gutxigatik. Ordu erdia igarota, Racingek aukera ona izan du. Camposek erreflexuekin erantzun dio Señeren burukadari. 1-0ekoa atsedenaldirako hamar minutu falta zirenean heldu da. Carlos Vicentek ez du barkatu Camposekin izan duen buruz burukoan eta baloia sarera bidali du.

Aldageletatik igaro ondoren, hobeto hasi da etxeko taldea eta gola egitea lortu 55ean, baina ez da markagailura igo jokoz kanpo zegoelako. Héber abantaila handitzen saiatu da eskuaira bilatzen zuen falta jaurtiketa batekin, kanpora joan dena zornotzarren lasaitasunerako. Gureek Raycoren burukada batekin erantzun dute Seguinen erdiraketa baten ostean, baina Canterok gelditu du. Mujikaren mutilak aurrera joan dira azken, puntu bat lortzen saiatuz, baina ez da Racingi min egiteko modurik izan eta ezin izan dute aukera argirik sortu.

RACING FERROL: Cantero, Delmas, Jon García, Bernal, Héber (74’ Manzanara), Señé (79’ Álex López), Castro, Brais, Álvaro Giménez (74’ Sabin Merino), Iker Losada (79’ Nacho) eta Carlos Vicente (79’ Cubero). 

SD AMOREBIETA: P. Campos, Álvaro Núñez, Gayà, Manu Hernando, Félix (86’ Avilés), Sibo, Carbonell, Rayco (79’ Edwards), Seguín (86’ Lasure), Morci (62’ Dorrio) eta Jauregi (79’ Da Graca).

Gola: 1-0: Min. 35; Carlos Vicente. 

Epailea: Ais Reig. Txartel horia atera dio Seguini. 

Compártelo