Athletic Club, FC Barcelona, Girondins Bordeaux eta FC Porto izango dira alebin kategoriako nazioarteko txapelketa honetan parte hartuko duten 23 taldeetako batzuk

Jon Larrea Sociedad Deportiva Amorebietako presidenteak, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak eta Lointek enpresako Serafin Loroñok Lointek Amorebieta-Etxano Cup nazioarteko futbol 7 txapelketaren 19. edizioa aurkeztu dute gaur udaletxean. Abenduaren 6an eta 8an Txolonen jokatuko den torneoak alebin mailako 23 talde bilduko ditu eta 2012. urtean jaiotako 350 jokalari inguru egongo dira.

Txapelketa asteazkenean, hilak 6, hasiko da, 12 talde izango dituen lehenengo fasearekin. Hiru multzotan banatuko dira. A multzoan Cultural Durango, Gertasport, Bermeo eta Athletic Gipuzkoa Eskola egongo dira. B multzoan, Ikastxiki, Amorebieta B, Deusto eta Txantrea. Eta C multzoan, Arratia, Gernika, Aurrera de Vitoria eta Bansander. Fase hau, ligaxka moduan, 09:00etan hasiko da. Zortzi talde –multzo bakoitzeko lehen eta bigarrena eta bi hirugarren onenak– sailkatuko dira 16:00etatik aurrera jokatuko diren kanporaketetarako.

Asteazkeneko txapeldunak ostiralean itzultzeko txartela lortuko du. Bigarren eguneko lehiaketak ordutegi eta formatu bera izango du. A multzoan Athletic, Girondins Bordeaux, Barcelona eta abenduaren 6ko atarikoaren irabazlea egongo dira. B multzoan, Amorebieta, Villarreal, Eibar eta Porto. Eta C multzoan, Valladolid, Alavés, Real Sociedad eta Osasuna. 09:00etan hasiko da multzoen fasea eta zortzi talde sailkatuko dira final-laurdenetarako, 16:00etan hasiko direnak. Final handia 18:15ean jokatuko da. Bi zelai egongo dira (1. zelaia eta 2. zelaia). Hilaren 8an 1. zelaian jokatuko diren partidak zuzenean ikusi ahal izango dira klubaren YouTuben kanalean. 

Sarrerak egun osorako balioko du eta hurrengo prezioak izango ditu. Hilaren 6a doakoa izango da bazkideentzat eta 3 euroko kostua izango dute gainerakoentzat. Hilaren 8an, berriz, bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 5 euro. Txapelketan zehar hainbat sari zozketatuko dira, hala nola parte hartzen duten kluben kamisetak eta bi lagunentzako bi bazkari Boroa Jatetxean. Arrazoi logistikoengatik, Txoloneko aparkalekua itxita egongo da bi egunetan eta udalerriko parkingetan aparkatzea gomendatzen da.

Compártelo