SD Amorebieta

Sociedad Deportiva Amorebietak Jon Mikel Magunagoitia Blasco (Amorebieta-Etxano, 2000-8-6) atezainaren itzulera jakinarazi nahi du, azken denboraldietan SD Eibar eta Zamora CF klubetan aritu ostean. 

Jonmi harrobi urdinean hezi zen, baina jubenil garaian SD Eibarrek fitxatu zuen. 2018-19 denboraldian, oraindik jubenila zela, utzita itzuli zen lehen talde zornotzarrean jokatzeko. Denboraldi horretan Bigarren B Mailako liga txapelketako 14 partidatan defendatu zuen urdinen atea, geldiketa bikainak eginez. Hori dela eta, klub armaginak atezaina berreskuratzea erabaki zuen neguko merkatuan, bere bigarren taldean, CD Vitorian, joka zezan. Han beste 12 neurketa jokatu zituen Bigarren B Mailan denboraldi horretan. 

Eibarren egon zen bitartean, atezain zornotzarra lehen taldeko hainbat deialditan sartu zen eta hirugarren atezainaren rola izan zuen, baina ez zuen debuta egin norgehiagoka ofizialean. Pasa den udan eman zion amaiera Eibarko etapari eta Zamora CF taldeak fitxatu zuen Primera RFEF kategorian lehiatzeko. Denboraldia titular gisa hasi zuen, baina zazpigarren jardunaldian belaunean izandako lesio larri batek zelaietatik atera zuen zazpi hilabetez. Errekuperatu ondoren, eskularruak jantzi zituen berriro ligako azken partidan. 

Ongi etorri etxera, Jonmi!

Compártelo