SD Amorebieta

SD Amorebietak Jon Aurtenetxe Borde (Amorebieta-Etxano, 1992-01-03) fitxatu duela iragarri nahi du. Atzelari zornotzarrak esperientzia handia du Estatuko hiru kategoria gorenetan eta nazioarteko ligetan. Bere herriko klubera eta 2017-18 eta 2018-19 denboraldietan hainbat partida jokatu zituen taldera itzuliko da. Pasa den denboraldian SD Logroñesen aritu zen Lehen Federazioan.

Aurtenetxe Athletic Cluben sartu zen alebin adinean eta mailatan gora egin zuen lehen talde zurigorriarekin 17 urterekin partida ofizialean debutatu arte. Europa Leagueko norgehiagoka batean izan zen, Werder Bremenen aurka. Zornotzarrak 105 partida jokatu zituen lehoi bezala, horien artean Europa Leagueko final bat eta Errege Kopako beste bat, biak titular bezala, 2011-12an. Zornotzarrak RC Celtaren koloreak ere defendatu zituen Lehen Mailan eta CD Tenerife eta CD Mirandesenak Bigarren Mailan. Gainera, Eskozian (Dundee FC), Australian (Adelaide Comets) eta Polonian (Miedz Legnica) jokatu du.

Futbolari urdin berriak eskarmentu handia du ere brontzezko kategorian. Urdinez, bi partida jokatu zituen 2017-18 denboraldiko hasieran, Eskoziara joan aurretik. Eta hurrengo kanpainan beste 16 neurketatan parte hartu zuen SDArekin, neguko merkatuan Australian etapa berria hasi zuen arte. Atletico Baleares, Las Rozas eta SD Logroñesen ere aritu da. Pasa den denboraldian 30 partidu lehiatu zituen Errioxako taldearekin.

Ongi etorri berriro, Jon!

Partekatu