Gure bigarren taldea, Ohorezko Mailara!

Joan den denboraldian Lehentasunezko Mailara lehen aldiz igo ostean, SD Amorebietako bigarren taldea ez da horrekin konformatu. Gorka Morenok entrenatutako taldeak bigarren igoera jarraian kateatu du. Oraingoan Ohorezko Mailara, Bizkaiko futboleko maila gorenera. Futbolari zornotzarrez beteta dagoen taldeak igoera matematikoki ziurtatu du liga amaitzeko hiru partida falta direnean. Zalduari egindako bisitan lortu dute, non garaipen batek igoera ematen zien jardunaldiko gainerako norgehiagoketan gertatzen zena gertatzen zela. Eta gureek ez dute huts egin. 0-1 irabazi dute Solobarrian, Unax Benito aurrelariak bigarren zatian sinatutako golarekin.
Zorionak! Lan bikaina!