Urdinek ezin izan dute punturik lortu 2024ko azken partidan, gaur arratsaldean FC Andorraren zelaian jokatu dutena. Etxekoek 2-0 irabazi dute.

Norgehiagokako lehen abisua 9. minutuan eman du Andorrak, Marinok Alvaro Martini gola ukatu dionean. Bigarren saiakeran, etxeko taldeak markagailua ireki du. Lautarok sinatu du area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Berdinketa gertu egon da 23. minutuan. Ben Hamedek eraso azkarra sortu du lapurreta on baten ostean eta Selmarekin konektatu du. 7aren jaurtiketak zutoinaren kontra jo du. Handik gutxira Carbonell izan da beste arrisku jokaldi bat sortu duena, baina bere erdiraketak ez du errematatzailerik aurkitu. Geldikako ekintza batean erantzun du Andorrak eta Marino berriz ere handi egin da. Horrela, 1-0ekoarekin iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.

Andorrak abantaila handitzea lortu du bigarren zatiaren hasieran Josep Cerdaren bitartez. Neurketak abagunerik gabe jarraitu du bigarren zatiko erdialdea gainditu arte. Marinok falta jaurtiketa ona gelditu du eta, jarraian, zelaiaren beste aldean, Oier Olazabal izan da luzatu dena Ben Hameden gola saihesteko. 80. minutuan gidoia errepikatu da. Marinori berriro lan egitea egokitu zaio eta, handik gutxira, Oierrek Ben Hameden saiakera harrapatu du norgehiagokako azken aukera aipagarrian

Compártelo