Fausto Tienza, eskarmentua zelai erdi urdinerako

Sociedad Deportiva Amorebietak Fausto Tienza Núñez (Talavera la Real, 1990-01-08) fitxatu duela iragarri nahi du. Erdilariak ibilbide luzea egin du futbolean eta eskarmentua du Lehen eta Bigarren Mailan. Izan ere, kategoria horietan 150 partida inguru jokatu ditu Betis, Alcorcon, Osasuna, Cadiz, Extremadura edo Santanderko Racing bezalako taldeen koloreak defendatuz.
Futbolari urdin berria Valentziaren harrobian hazi zen eta 17 urterekin egin zuen debuta Bigarren B Mailan bigarren taldearekin. Atzerrian ere aritu da, hain zuzen ere Panathinaikosen, Greziako klub garrantzitsuenetako batean. Gainera, brontzezko kategorian 177 norgehiagoka lehiatu ditu.
Azken boladan, 2021-22an Racingek Bigarren Mailara igotzearen eragile nagusietako bat izan zen, 37 partida ofizial jokatu eta hiru gol sartu baitzituen. 2022-23an, zilarrezko kategorian lehiatu duen azken denboraldian, 27 neurketa jokatu zituen Sardineroko taldearekin. Duela bi uda UD Ibizara iritsi zen eta denboraldi eta erdi eman zituen bertan, joan den urtarrilean SD Compostelara joan zen arte, SDAra etorri aurretik bere azken taldea. Orain, bere esperientzia, boterea eta lidergoa emango dio talde zornotzarrari.
Ongi etorri, Fausto!