SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute bosgarren garaipena jarraian lortu, baina puntuak pilatzen jarraitzen dute. Golik gabeko berdinketa sinatu dute Intercity taldearen zelai zailean, ia 30 graduko tenperaturarekin jokatutako Lehen Federazioko 29. jardunaldiko lehian. Partida parekatua izan da, baina aukera onenak zornotzarrek izan dituzte. Dena den, punteria falta izan zaie markagailua irekitzeko. Beste behin, Haritz Mujikaren taldea sendo egon da defentsa lanetan eta bere atea hutsean utzi du.

Neurketa oso parekatuta hasi da, abagune nabarmenik gabe. Lehen jaurtiketa atera Xemik egin du 19. minutuan eta Magunagoitiak arazo handirik gabe harrapatu du. Partidako lehen aukera aipagarria Jauregik sinatu du, ordu erdira iritsi baino lehen. Pitxitxiak area ertzetik egindako zartakoak atezaina lan egitera behartu du. Jarraian, gureak golaren inguruan ibili dira berriro, Yriarteren burukada kanpora joan denean. Urdinek aurkaria estutu dute lehen zatiko azken txanpan. Jauregi eta Yriarteren saiakera berriek ez dute aterik aurkitu. Bujanek ere bilatu du gola area barrutik egindako erremate indartsuarekin, baina atzelari baten jo du. Etxekoek Xemiren burukada batekin erantzun dute, langa gainetik joan dena.

Bigarren zatia erritmo biziagoarekin hasi da. Haritz Mujikaren mutilak ondo atera dira, Intercityren area inguruan jokatuz. Gureak gola sartzetik oso gertu egon dira 59. minutuan, abagune bikoitza izan dutenean. Lehenengoan, Praderak atezainaren oin salbatzailea aurkitu du. Aldaratzea Jauregiri heldu zaio eta bere jaurtiketak langan jo du. Urdinek 0-1ekoa bilatzen jarraitu dute. Dorrio azkar sartu da area barruan eta Yriarte aurkitu du, baina defentsa batek bere jaurtiketa oztopatu du. Azken txanpan norgehiagoka berriro berdindu da joko aldetik, dominatzaile argirik gabe. Intercityk gertu izan du gola 85.ean Etxanizen bitartez, baina Magunagoitiak ekidin du geldiketa on batekin.

CF INTERCITY: Gaizka Campos, Guillem, Ferroni, Miguel Marí (82’ Belloti), Emre Çolak (56’ Etxaniz), Pol Roigé (56’ Cedric Teguia), Álvaro Pérez, Xemi (66’ Aaron), Soldevila, Burlamaqui eta Kecojevic.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Etxeita, Antxon, Seguín, Yriarte, Sibo (79’ Albisua), Buján (63’ Rayco), Dorrio (79’ Víctor López), Pradera (63’ Edwards) eta Jauregi (88’ Ewan).

Epailea: Romero Freixas. Txartel horiak atera dizkie Intercityko Emre Çolak eta Kecojevic jokalariei; eta SDAko Seguín, Yriarte, Sibo eta Edwardsi.

Compártelo