SD Amorebieta

Urdinak jipoituta atera dira CD Leganeseri egindako bisitatik, gaur arratsaldean Butarquen jokatu den LaLiga Hypermotioneko hamaikagarren jardunaldiko partidan, 6-0 amaitu dena. Akats propioak eta erasoan izandako zorte txarra handicap handia izan dira zornotzarrentzat, hat-trick baten egilea izan den Miguel De la Fuenterekin topo egin dutenak. Datorren larunbatean Real Oviedoren aurka Lezaman jokatuko den hitzorduan pentsatzea tokatzen da.

Gureak lau bajarekin joan dira Butarquera: Pablo Campos, 21 urte azpikoarekin, eta Jorge Mier, Etxeita eta Erik Moran lesio ezberdinengatik. Hori gutxi balitz, Carbonell, aduktorearen inguruan arazoak zituena, hasierako hamaikakotik erori da, berotu aurretik azken proba bat gainditu ez duelako. Hala eta guztiz ere, Mujikaren mutilak ondo sartu dira norgehiagokan, baloiaren jaun eta hegaletatik arriskua sortzen. Morciren erdiraketa aprobetxatuz 0-1ekoa bilatu du Sibok, baina ez du burukada ondo konektatu. 15. minutuan Miguelek erantzun du gutxigatik kanpora joan den jaurtiketa batekin. 21ean, zelai erdian baloi bat galdu ondoren, 1-0ekoa heldu da. Abiadura handiarekin Miguel area barruan sartu da eta ez du barkatu Magunagoitiaren aurrean. Lau minutu geroago, Valladolideko aurrelariak are zailago jarri du norgehiagoka gureentzat, 2-0ekoa sinatuta, beste akats bat aprobetxatuta.

Urdinek aldea murrizteko aukera izan dute ordu erdira, baina zorte txarra izan dute Leganesen arean sortu den jokaldi ero batean. Izan ere, nahiz eta larrua sareratu den, gola ez da markagailura igo baloiak Jauregiren eskuan errebotatu duelako. Zornotzarrek partidan berriro sartzeko ahaleginetan jarraitu dute, baina berriro ere ez dute zorterik izan lehen zatiko azken jokaldian, Jauregiren erremateak egurraren kontra jo duenean Dorrioren erdiraketa baten ostean.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Miguelek bere hat-tricka sinatu du epaileak Lasureri egin dioten falta bat ez adierazi ondoren abiatu den jokaldi batean. Denbora asko geratzen zen oraindik, baina desabantaila handiegia zen. 73.ean laugarrena iritsi da. Magunagoitiak hegan egin du hori saihesteko, baina aldaratzea Diegok jaso du eta ez du barkatu. Hamar minutu geroago bosgarrena sartu du Rabak. Horrekin ez dira konformatu eta seigarrena lortu du Chiccok luzapenean Butarqueko zaleen festa borobilduz.

CD LEGANÉS: Diego Conde, Nyom, Jorge Sáenz, Sergio, Miguel (58’ Ureña), Raba, Franquesa (76’ Abzi), Neyou (70’ Undabarrena), Diego (76’ Darío), Djouahra (58’ Portillo) eta Chicco.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez, Gayà, Manu Hernando, Lasure (74’ Félix), Sibo, Edwards (74’ Da Graca), Dorrio (74’ Quintero), Morci (46’ Rayco), Eraso (46’ Avilés) eta Jauregi.

Golak: 1-0: Min. 21; Miguel. 2-0: Min. 25; Miguel. 3-0: Min. 49; Miguel. 4-0: Min. 73; Diego. 5-0: Min. 83; Raba. 6-0: Min. 90; Chicco.

Epailea: Fuentes Molina. Txartel horia atera dio Nuñezi.

Compártelo